Gizartea -
Sanferminak
Zortzi dira atxilotutakoak San Fermin eguneko prozesioan izandako istiluetan ustez parte hartzeagatik
Epailearen aurretik pasatzeko zain daude. Atxilotuetako lau iruindarrak dira, eta beste bat tarragonarra. Udala herri-akusazio gisa aurkeztuko da auzian.
Agentziak | EITB MEDIA
Iruñeko Udalak baieztatu duenez, zortzi dira San Fermin eguneko prozesioan izandako istiluetan zerikusia dutelakoan atxilotutakoak. Tartean dago udaltzain bati ustez sudurra hautsi zion pertsona; 40 urteko gizon iruindar bati egotzi diote.
Udal ordezkariei erasotzea leporatzen diete. Epailearen aurretik pasatzeko zain daude. Atxilotuetako lau iruindarrak dira, eta beste bat tarragonarra. Iruñeko Udala herri-akusazio gisa aurkeztuko da auzian.
Iruñeko zenbait herri mugimenduk, bestalde, atxilotuen aldeko elkarretaratzea deitu dute biharko, 09:30ean, polizia-etxe aurrean.
Ikerketak zabalik dirau, eta ez dute baztertu atxiloketa gehiago egoteko aukera. Behin hura bukatuta, atxilotutakoak epailearen aurrera eramango dituzte eta Iruñeko Udalak iragarri du herri akusazio gisa aurkeztuko dela.
Maya: "Jende asko dago nahastuta"
Kazetariei gaur egindako adierazpenetan, Enrique Maya Iruñeko alkateak jakinarazi du "laster atxiloketa gehiago" egongo direla (goizeko atxiloketak egin baino lehen esan du). "Gogor ari dira lanean eraso horien egileak identifikatzeko", nabarmendu du.
Mayaren esanetan, "udaltzainari sudurra apurtu ziona atxilotuta dago, eta, ziurrena, aurki beste atxiloketa batzuk egingo dituzte. Jende asko dago nahastuta. Kontua da ziurtasunez jo behar dugula epailearengana".
Alkateak ez du atxiloketa horien inguruko xehetasunik eman; argudiatu duenez, "oso zuhurra izaten ari naiz informazioa emateko orduan". "Poliziei esan diet jarduteko, eta jakinarazteko zerbait dagoenean, emango dugu horren berri. Nahiago dut informazioaren menpe ez egon, agenteek lasaitasunez egin behar dute lan", gaineratu du.
Azpimarratu duenez, uztailaren 7an gertatutakoa "onartezina da, norbaitek egin behar ez duen zerbait egiten duenean ziurrena da ordaindu behar izatea, eta hori da gertatzen ari dena".
Atzo prentsaurrekoa eskaini zuen Mayak Javier Goya Udaltzaingoko buruarekin batera, eta bertan eman zuen 40 urteko gizasemearen atxiloketaren berri.