Gizartea -

Sanferminak

San Fermin Eguneko prozesioan udaltzain bati sudurra hautsi zion ustezko erasotzailea atxilotu dute

Enrique Maya Iruñeko alkateak iragarri du ikerketa zabalik dagoela oraindik, eta ez du baztertzen datozen orduetan atxiloketa gehiago izatea.

Curia kalean bizi izandako istiluen momentuetako bat. Argazkia: EFE
Curia kalean bizi izandako istiluen momentuetako bat. Argazkia: EFE
Curia kalean bizi izandako istiluen momentuetako bat. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

40 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizean, joan den ostegunean Iruñeko San Fermin Eguneko prozesioan izandako istiluetan parte hartu izana egotzita.

Hala jakinarazi dute Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Javier Goya Udaltzaingoko buruak igande honetan emandako prentsaurrekoan, eta zehaztu dute atxilotuak ustez sudurra hautsi ziola agente bati ukabilkada batez. "Polizia horrek Udalbatzako zinegotziak defendatu zituen, bereziki Navarra Sumako eta PSNko zinegotziak, bai eta kuriako ordezkariak ere, talde antolatu batek bortizkeria handiz eraso egin baitzien", zehaztu du Mayak.

Atxilotua Iruñerriko bizilaguna da, eta agintaritzaren aurkako atentatua, lesioak eta desordena publikoak egotzi dizkiote. Udalak, gainera, jakinarazi du herri akusazio gisa aurkeztuko dela erasotzaileen aurka.

Izan ere, operazioak zabalik jarraitzen du, eta, alkateak azaldu duenez, poliziek grabazioak ikusten jarraitzen dute, beraz, ez dute baztertzen datozen orduetan atxiloketa gehiago izatea. Hainbat iturriren arabera, badira beste bi atxilotu gertakari horiekin lotuta, baina ez Udalak, ez Udaltzaingoak ez dute hori baieztatu.

Istiluak ostegunean izan ziren, San Fermin Eguneko prozesioan, Curia kalean. Hiru udaltzain zauritu ziren, horietako bi, arin, eta batek sudurra hautsi zuen jasotako ukabilkada baten ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala