Gizartea -

Hirugarren entzierroa

Sanferminetako hirugarren entzierroa zirraragarria, azkarra eta oso jendetsua izan da

Jose Escolar ganadutegiko zezenek bi minutu eta erdi baino gutxiago behar izan dute ibilbidea burutzeko; milaka korrikalarik hartu dute parte larunbat honetako entzierroan. Lagun batek adarkada jasan du.

Jose Escolar gandutegiko zezenak bizi-bizi ibili dira. Argazkia: EFE.
Jose Escolar gandutegiko zezenak bizi-bizi ibili dira
Azkarra eta jendetsua izan da sanferminetako hirugarren entzierroa

06:00

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zirraragarria, azkarra, eta oso jendetsua; horrelakoa izan da 2022ko San Fermin jaietako hirugarren entzierroa, larunbat honetan; izan ere, une arriskutsuak bizi izan dira, bi minutu eta erdi baino gutxiago behar izan dute Jose Escolar ganadutegiko zezenek ibilbidea burutzeko, eta milaka korrikalarik parte hartu dute, espero zenez, kontuan izanik larunbata dela. Lagun batek adarkada jasan du.

Hala, hirugarren entzierro honetan korrikaldi politak izan dira, zezenak eta joaldunak luzatuta ibili baitira. Hori bai: Jose Escolar ganadutegiko zezenek, Iruñean izan diren aurreko bost urteetan, batzuetan atzera jo dute, edo hori egiteko keinua egin, baina aurten, aldiz, elkarrekin egin dute ibilbidea, eta jarrera zintzoa erakutsi.

Zezenak baturik diote entzierroari, joaldunak buru zeudela, eta hala egin dute topo korrikalariekin Santo Domingo aldapan; nolanahi ere, apurka-apurka, zezenek hartu dute aurrea, eta euren markatu dute erritmoa, baina ez dira alboetara desbideratu.

Lehen albisteen arabera, pertsona bat adarkatua izan da, eta hainbat lagunek kolpeak hartu dituzte. Guztira, zortzi zauritu omen daude. Egunean zehar eguneratuko dugu informazio hori.

Zezenak trinko ibili badira ere, Santo Domingoko bigarren tartean ikusi ahal izan dugu bi taldetan zebiltzala, joaldunek lotuta. Estafetan, hiru zezen jarri dira aurrealdean, eta korrikalariek gozatzeko aukera izan dute; izan ere, zezenek aldaketarik gabeko erritmoari eutsi diote, eta jendea adarretara gerturatu ahal izan da.

Osasun-zerbitzuen lehen txostenaren arabera, entzierroa amaituta zazpi lagun eraman behar izan dituzte ospitalera; horietako batek adarkada jasan du, Espoz y Minan; ez omen dago larri.

Makadurak jaso dituztenei dagokienez, bi lagun Mercaderesetik eraman dituzte ospitalera, bata besoan kolpea jasota, eta bestea itxuragabetasuna izan duela eskuineko besoan. Espoz y Minatik, beste lagun bat eraman dute, besoan itxuragabetasuna izan duelako. Telefonica kalean, korrikalari batek aurpegi-masailetako makadura jasan du, eta beste batek, aldiz, makadura torazikoa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Sanferminak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa