Gizartea -
Sanferminak
Hiru udaltzain zauritu dituzte San Fermin prozesioan izandako istiluetan
Curia kalean, zenbait pertsonak "UPN kanpora" oihukatu dute, eta, Udalbatza pasa denean, txistuka hasi dira. Gainera, Enrique Maya Iruñeko alkateari objekturen bat bota diote.
Agentziak | EiTB Media
San Fermin prozesioan, Udalbatza babesten ari ziren Iruñeko hiru udaltzain zauritu dituzte ostegun honetan. Istiluak Curia kalean gertatu dira.
Ohitura den bezala, Iruñeko katedralerainoko prozesioa egin dute santuarekin, Udalbatzak lagunduta.
Curia kalean, zenbait pertsonak "UPN kanpora" oihukatu dute, eta, Udalbatza pasa denean, txistuka hasi dira. Gainera, Enrique Maya Iruñeko alkateari objekturen bat bota diote.
Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu du alkatearen eta NA+ eta PSNko zinegotzien aurkako erasoak gaitzesteko eta zauritutako udaltzainei elkartasuna agertzeko. Navarra Sumak eta PSNk babestu dute; Geroa Baik eta EH Bilduk, ostera, aurkako botoa eman dute.
"Curia kaleko aldapan, ezker abertzaleak egindako eraso faxista izan da", azpimarratu du testuak. Udaltzaingoak "benetako lintxamendua saihestu du", erantsi du.
Enrique Maya Iruñeko alkateak liskarrak "benetako faxismotzat" jo ditu. Zauritutako hiru udaltzainekin "marra asko gurutzatu dira gaur", salatu du. Istiluak gertatzen ziren bitartean, EH Bildu "jende horri besarkadak ematen ari zen", kritikatu duenez.
Oposizioko hiru taldeek erasoak errefusatu dituzte. Prozesioan gertatutako liskarrak deitoratu ditu EH Bilduk. Koalizioaren hitzetan, "erasoak tokiz kanpo daude. Kritika politikoa gauza bat da, eta beste bat erasoa, ezin dena justifikatu, inola ere", nabarmendu du.
Bestalde, PSNk erasoak gaitzetsi ditu: "erasotzaile faxistek ez dituzte Iruñeko ohiturak desitxuratuko, ezta euren jarrerak indarkeria erabiliz inposatu ere".
Azkenik, Geroa Baik gertakariak gaitzetsi ditu. "Kritika politiko guztiak" beti "modu baketsuan eta errespetuz" egin behar direla azpimarratu du.