Gizartea -

Lapurdi

Hiru pertsona migratzaile muga zeharkatzen laguntzeagatik militante bat atxilotu dutela salatu du LABek

Jendarmeek, goizeko lehen orduan, Eñaut Aramendi atxilotu dute Urruñan. Arratsaldeko lehen orduan, aldiz, aske utzi dute. "Aurten, gutxienez zazpi pertsona hil dira muga zeharkatzeko saiakeran", gogorarazi du sindikatuak.

Poliziaren kontrolak, mugan. Artxiboko argazkia: EFE
Poliziaren kontrolak, mugan. Artxiboko argazkia: EFE
Poliziaren kontrolak, mugan. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru pertsona migratzaile muga zeharkatzen laguntzeagatik Eñaut Aramendi LABeko kidearen atxiloketa salatu du sindikatu abertzaleak. Bestalde, migrazio "bide seguruak" aldarrikatu ditu sindikatuak.

Jendarmeek goizeko lehen orduan atxilotu dute Urruñan (Lapurdi). Arratsaldeko lehen orduan, aldiz, aske utzi dute, sindikatuak zehaztu duenez.

LABek ohar batean berriro salatu duenez, "Irun eta Hendaia arteko muga militarizatua pertsona migratzaileentzako heriotza-zigor bihurtzen ari da".

"Aurten, gutxienez zazpi pertsona hil dira muga zeharkatzeko saiakeran", gogorarazi du.

Sindikatuaren ahotan, "Poliziaren kontrol arrazistek eta migrazio politika hiltzaileek bidean dauden pertsonak bizitza arriskuan jartzera behartzen dituzte egunero".

"Euskal erakundeen borondate politiko falta begi-bistakoa da", gaineratu du sindikatu abertzaleak. "Polizia kontrolen aurkako jarrera irmoa eta hauek desagertzeko ekimen sendoak" eskatu ditu LABek, "baita bide seguruak eta harrera politika ausartak ere".

Gainera, "neurri politiko instituzionalen faltaren aurrean, ankerkeria arrazista eta kriminal honi egunero erantzun behar zaio lan politiko militantearen bidez", eta "pertsona asko ari dira lanean, horietako bat, Aramendi", aldarrikatu du.

"Arrazakeriari aurre egiteko beharrezko ekintza delako uste sendoarekin, kide ugarirekin elkarlanean ari da, pertsona migratzaileen ibilbidea seguruago egiteko", nabarmendu du LABek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Migrazioa Gipuzkoa LAB Espainia Frantzia Baiona Hendaia Arrazismoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Errefuxiatuak Lapurdi