Gizartea -
sanferminak 2022
Lehertu da jaia Iruñean
Udaletxeko ordularian 12:00ak zirenean Juan Carlos Unzue futbolari eta entrenatzaile ohiak su eman dio suziriaren metxari. Osasun arloko profesionalei eta ELArekin gaixo daudenei eskaini die txupinazoa. Zapi gorriak lepoan, hasi dira horrenbeste itxarondako sanferminak.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Udaletxeko balkoi nagusitik jaurtitako txupinazoarekin ekin diote Iruñean 2022ko sanferminei. Zapi gorriak eskuan, une zirraragarriak bizi izan dituzte beste behin bertaratu diren milaka lagunek, bi urteko etenaldiaren ondotik zain baitzeuden iruindarrak San Fermin jaiei ongietorria emateko.
Udaletxeko ordularian 12:00ak zirenean lehertu da jaia, Juan Carlos Unzue futbolari eta entrenatzaile ohiak suziriaren metxari su ematearekin bat. "Iruindarrok! Txupinazo hau osasun-langile guztiei eta pandemia osoan lagundu diguten pertsona guztiei zuzenduta dago! ELAren gaixotasuna dutenei ere eskaini nahi diet, batez ere Montxori!", adierazi du txupinazoa bota aurreko diskurtsoan.
Bueltan dira, hortaz, hainbeste itxarondako sanferminak. Jai giroan murgilduta dago Iruñea, eta 204 ordu luzez festak ez du etenik izango hiriko karriketan. Gaurko, uztailaren 6rako, egitarau oparoa prestatu du Udalak: musika kalean, folklore jaialdia Foruen Plazan 13:30ean edo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren erakustaldia 17:00etan autobus geltokitik hasita. Horiek dira, besteak beste, gaurko eskaintzak.
2022ko sanferminetarako antolatutako kontzertuen egitaraua Lola Indigo abeslari gaztearen emanaldiarekin hasiko da Iruñeko Foruen Plazan. Etxeko txikiek eta gazteek ere hainbat gune izango dituzte eurentzako hiriko txoko ezberdinetan. Alde batetik, Gazte Eremua Foruen Plazara bueltatuko da uztailaren 7tik 14ra, eta, bestetik, Takonera parkean, sormena ardatz izango duen haurrentzako gunea egongo da.
Sanferminetako lehen entzierroa, berriz, ostegun honetan egingo da, jaietako egun handian, Puerto de San Lorenzoko zezenekin. Ondoren, Fuente Ymbro, Jose Escolar, La Palmosilla, Cebada Gago, Jandilla, Victoriano del Rio Cortes eta Miurako zezenak izango dira hurrenez hurren, eta entzierro guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira egunero eitb.eus-en eta ETB1en.
Aurten ere, Iruñeko hiria eraso sexisten aurkako borrokaren gune bihurtuko da sanferminetan, berdintasunezko jaien aldeko apustua eginez. Horretarako, Gazteluko Plazan informazio gune bat jarri da, eta guztiontzat eskuragarri egongo da egunero 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara.
Babes Zibileko Batzordeak, bestalde, sanferminetan kontuz ibiltzeko deia egin du azken egunotako koronabirus kasuen gorakadaren aurrean.