Gizartea -
elkarrizketa euskadi irratian
Ugo Mayor: "Omikronen aldaera berri bat ari da hedatzen, eta badirudi apur bat kutsakorragoa dela"
EHU eta Ikerbasqueko ikerlariaren esanetan, "lehenago omikronekin kutsatu zirenak berriro kutsatzen ari dira. Barnealdeetan aireztapena ez da bermatzen ari, baina ez dut uste jaietan, leku irekietan, kutsatzeko arrisku handia egongo denik".
Iker gonzalez | eitb media
Ugo Mayor EHU eta Ikerbasqueko ikerlariaren arabera, "omikronen aldaera berri bat ari da hedatzen, eta badirudi apur bat kutsakorragoa dela; lehenago omikronekin kutsatu zirenak berriro kutsatzen ari dira".
Euskadi Irratiako 'Faktoria' saioan egindako elkarrizketa batean esan duenez, "hainbeste kutsatze gertatzen ari dira, birusak eraldatzen jarraitzen du, eta, horrela, gorputzarentzat birus berri bat da".
Hala, ikerlariaren iritzian, "aurreko infekzioek ez dute babesa ematen, berriro kutsatzen ari da jendea".
Mayorren arabera, azkenaldiko kutsatzeen gorakada azaltzeko hainbat faktore hartu beharko lirateke kontuan, batetik, "txertoek babes handia eman digute, baina ikusi izan dugu babesa mantentzeko hirugarren dosia eman zela, eta horren eragina behera doa pixkanaka pertsona batzuen kasuan. Gainera, barne lekuetan ez da aireztapena bermatzen ari". Bestetik, aurretik aipatutako omikronen aldaera berri bat hedatzen ari da.
Udako jaien aurrean kutsatzeko arrisku handiagoa ote dagoen galdetuta, ikerlariak esan du ez duela uste "jaietan, leku irekietan, kutsatzeko arrisku handia egongo denik".
Azkenaldiko datuek alarma piztu dute erakunde eta osasun agintarien artean. Atzo Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera, Euskadiko osasun sisteman ospitaleratutako pertsona kopurua % 22,9 hazi da astebetean, 410etik 504ra igota.
Halaber, ZIUetan artatzen ari diren gaixo kopurua 23ra igo da aurreko astean, duela bi aste 12 ziren egoera horretan zeuden eriak.
Gauzak horrela, koronabirusaren intzidentziaren gorakadaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zuhurtziari eustea eskatu zuen, are gehiago, udaldian interakzio sozialak ugaritzearekin bat, covid-19arekin kutsatzeko aukerak ere areagotu egiten direlako.
Ohar baten bidez adierazi zuenez, "azken asteetan Euskadin gora egiten ari da diagnostikatutako kasuen kopurua, bai eta covid-19arekin izandako ospitaleratzeen kopurua ere". Horregatik, zuhurtziaz jokatzeko deia egin die, batez ere, egoera bereziki zaurgarrian daudenei, hau da, 60 urtetik gorakoei, immunoeskasia eragiten dieten gaixotasunak dituztenei eta haurdun dauden emakumeei.