Gizartea -

koronabirusa

Felix Zubia: "700 kasutik gora dago intzidentzia-tasa, 60 urtetik gorakoen datuak erreferentziatzat hartuta"

Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan azaldu duenez, joerak goranzkoa izaten jarraituko du, baina ospitaleratze gutxiagorekin eta ZIUen egoera lasaiago batekin.

Felix Zubia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Felix Zubia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media
Felix Zubia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB Media

itxaso leon kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken astean nabarmenagoa izan da koronabirus kasuen goranzko joera: intzidentzia-tasa 450 kasuen inguruan kokatu da EAEn eta Nafarroan, eta 60 urtetik gorakoen artean, 700 kasutik gorakoa da. Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan azaldu duenez, azken datu hori erreferentzia ona izan daiteke gizarte osoan zeinen zabalduta dagoen jakiteko.

"Olatu isila" delakoaren baitan, kasu gehienak ez dira erregistratzen eta badira zenbait hilabete neurketa-sistema aldatu zela, txertaketaren eta omikron aldaeraren eraginarekin batera. Hortaz, Zubiaren aburuz, "intzidentzia orokorrak ez du balio", eta talde horretakoa "gizarte osora zabaldu dezakegu, 60 urtetik gorakoak baitira gehien kontrolatzen direnak".

Kasu asko egon arren, "egia da ospitaleratze gutxi daudela, eta ZIUetan ere egoera lasaiagoa da". Medikuak gogorarazi du ospitaleratzeak beti igoko direla intzidentzia gorantz badoa, kaltetuenak talde zaurgarrienak badira ere, eta ospitaleetan hasi direla gorako hori igartzen. ZIUetako egoera, berriz, bere horretan mantendu da, 12 gaixo larrirekin, aurreko astean baino bat gutxiago.

"Kaleko intzidentziak gora egin ahala, ospitalekoak ere gora egiten du, eta ondoren heriotzak datoz", nabarmendu du Zubiak. Bestelako babes-neurriak kenduta daudenez, "pertsona zaurgarriak dira azkenean ordaintzen dutenak", gaineratu du. Hori dela eta, gomendio-sorta bota du horientzat eta ingurukoentzat: "jende-pilaketak ekiditea, toki itxietara ahal dela ez sartzea eta musukoa erabiltzea".

Zubiak azpimarratu duenez, "beste ondorio batzuk ere badira, beharbada neurtu ezin litezkeenak". Esate baterako, intzidentziak gora egin ahala, "ebakuntza programatuak atzeratu egiten dira, eta beste zenbait gaitzen errekuperazioa ere mantsotzen da, kimioterapiena, kasu".

Orain arteko joera ikusita, "hurrengo asteetan ez da beherakorik espero", Zubiaren arabera, "gure mugimenduak eta sozializazioa handitzen ari direlako".

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak ere covid-19aren aurkako babes-neurriei eusteko eskatu zuen aste honetan, hala nola maskarak erabiltzeari, kutsatzeak eta ospitaleetako okupazioak gora egin dutelako, eta txertoaren indartze-dosia jartzeko beharra azpimarratu zuen, bereziki 50 urtetik beherakoen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Euskadi Irratia Osasun albisteak Donostia Unibertsitate Ospitalea COVID olatu berria Euskadiko adinekoak