Gizartea -
TRAFIKOA UDAN
2019ko udaren antzeko joan-etorriak espero ditu Trafiko Zuzendaritzak uda honetan Euskadin
Bi urtez geldirik egon ondoren, Itsasartea Igarotzeko Operazioa berriz ere martxan da. Hala, nazioarteko zirkulazioaren kasuan, 1.850.000 ibilgailu inguru igaroko direla espero da Euskaditik, eta, barne zirkulazioari dagokionez, 38 milioi joan-etorri inguru izango direla azaldu du.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren aurreikuspenen arabera, uda honetan nazioarteko zirkulazio-fluxu handiagoa igaroko da Euskaditik, batez ere Portugalera eta Afrikako iparraldera, Marokora nagusiki.
Aurreikuspenen arabera, 1.850.000 ibilgailu inguru igaroko dira nazioarteko bidean dauden euskal errepide-saretik. Barneko zirkulazioari dagokionez, berriz, 2019ko udakoen antzeko joan-etorriak espero dira, 38 milioi joan-etorri inguru.
Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak 2022ko oporretako irteera- eta itzulera-operazioa aurkeztu du ostegun honetan Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan. Adierazi duenez, aurten nazioarteko trafikoaren fluxua berreskuratuko da; izan ere, Itsasartea Igarotzeko Operazioa berriz ere martxan baitago, bi urtez geldirik egon ondoren.
Trafikoaren arintasuna hobetzeko, trafiko-dentsitateak egun horietan sor ditzakeen gorabeherak gutxitzeko eta trafiko-istripuak ekiditeko, Eusko Jaurlaritzak hainbat jarduera jarriko ditu abian, hala nola sentsibilizazio-kanpainak edo seinaleztapen lagungarriak gune estrategikoetan. Era berean, arreta berezia jarriko du egun berezietan puntu kritikoetan.
Hala, irteera-operazioan, pilaketak sor daitezkeen asteburu kritikoenetan (uztaileko azkena eta abuztuko lehenengoa) seinalizazio-operazio bereziak gauzatuko dira AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko, eta gauza bera egingo da Gasteizen N-622ren eta A-1en artean Burgos/Madrilerako noranzkoan. Halaber, seinaleztapen-gailu berezia egongo da Armiñongo korapiloa arintzeko, bai irteera-operazioan, bai itzulera-operazioan ere.
Ertzaintzako trafiko-unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa.