Gizartea -
Harrotasunaren Eguna
Aniztasunaren aldarrikapenak milaka pertsona atera ditu kalera
"Transmaribibolloak tinko! Heteropatriarkatuari sua" lelopean, ehunka pertsonak parte hartu dute Iruñeko mobilizazioan. Bilbon, irudi berdina errepikatu da, "Transfobiaren aurrean, tinko!", lelopean. Milaka pertsonak parte hartu dute transfobiaren aurkako manifestazioan.
EiTB Media
Aniztasunaren aldarrikapenak milaka pertsona atera ditu hego Euskal Herriko kaleetara. Horrela, manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean Iruñean, LGTBI+ kolektiboko eskubideen alde.
"Transmaribibolloak tinko! Heteropatriarkatuari sua" lelopean, ehunka pertsonak parte hartu dute Iruñeko mobilizazioan, 1.300 inguru, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren arabera. Ortzadar eta kolore banderak eraman dituzte manifestari askok, bakoitzaren sexu orientazio eta nortasuna identifikatzeko.
Bilbon, irudi berdina errepikatu da, "Transfobiaren aurrean, tinko! Basta de complicidad, posiciónate", lelopean. Milaka pertsonak parte hartu dute transfobiaren aurkako manifestazioan Bizkaiko hiriburuan. Martxa Jesusen Bihotzetik abiatu da 19:50 aldera.
Gazte asko izan dira manifestarien artean, eta LGTBI kolektiboaren ikurrak, ortzadar banderak, mobilizazioari kolorea eman dio.
Bizkaiko 28J Koordinadorak deitu du manifestazioa. Kolektibo ugarik osatzen dute, besteak beste, EHGAM mugimendu beteranoak, 1977tik, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen alde borrokan izan denak.
Beste pankarta batean, 1969ko Stonewalleko liskarrak gogorarazi dituzte: "Borrokak jarraitzen du" testuarekin. Gertakariak LGTBI kolektiboa saretu zuen.
Transfobiaren kontrako oihuak egin dituzte manifestariek: "harrotasuna ez dago salgai", "trans emakumerik gabe ez dago feminismorik", "emagaldurik gabe ez dago harrotasunik" eta "atzerritarren legeak pertsonak hiltzen ditu egunero".
Era berean, manifestariek kartoiekin eta kartulinekin egindako pankartak eraman dituzte: "maitasunak ez du sexurik", "paperik gabe ez dago harrotasunik" edo "sexu langileak LGTBIQ dira ere".
Iruñean ere, mobilizazio koloretsua eta umoretsua izan da, ohi bezala, baina parte-hartzaileen garrasi argi batekin: "erresistentzia da, ez festa". Manifestazioak oinezko ugari ezustean harrapatu ditu, ileorde, jantzi distiratsu, mozorro, zapata eta gainerako osagaiekin harrituta.
Konstituzio plazan hasi eta Iruñeko erdialdetik ibilbidea egin du martxak, alde zaharrean sartu eta Udaletxeko plazan bukatzeko. Bertan adierazpen bat irakurri dute antolatzaileek.
Bestalde, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzatik pasa direnean, iragan asteburuan Melillan gertatutakoa gogora ekarri dute pankarta baten bidez. Dozenaka pertsona hil ziren Espainiako mugan. "Europa erruduna. Stop genozidioa", mezua txalotu dute manifestariek.
"Faxismoaren aurka, purpurina" edo "LGTBI mugarik gabeko Europa" bezalako esaldiak erakutsi dituzte kartel txikietan.
28J plataformak deitutako manifestazioa hasi baino lehen bozeramaile batek adierazi duenez, "kaleak hartu behar ditugu beste urte batez. Guretzako oso garrantzitsua da batzea, nahastea eta aldarrikapenak kalera eramatea".
Eskubideen bilakaerari dagokionez, azken urtean gertatutakoarekin "kezkaturik" agertu da "aldaketa bat izan delako; ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakada kezkagarria da". Hala ere, irmo azaldu da: "ez gara kikilduko, transmaribibolloen borrokak kaleetan jarraituko du, eta gerra ematen jarraituko dugu".
2022an, Harrotasunaren Eguneko lehen manifestazioa egin zela 40 urte bete dira. "Pozik egon behar gara, eta gozatu. 40 urte eman ditugu borrokan, eta beste horrenbeste emango ditugu; kaleak gureak izango dira beti", esan du.