Gizartea -
Uda
Salgai daude udan Gasteiz eta Donostia lotuko dituen trenaren txartelak
Zerbitzua uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartekoa da, eta joan-etorriaren kostua 20,60 eurokoa izango da.
EITB MEDIA
Renfek salgai jarri ditu dagoeneko Gasteiz eta Donostia lotzen dituen hondartzako trenaren txartelak. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean egongo da indarrean zerbitzua eta Arabako hiriburuan bizi diren herritarrek Donostiako hondartzetara joan ahal izango dute udan zehar.
Trena Gasteizko geltokitik abiatuko da 8:57an. Dulantzin, Agurainen eta Araian egingo ditu geldialdiak eta 10:48an iritsiko da Donostiara. Arratsaldean, Gipuzkoako hiriburutik 19:57an irtengo da eta 21:45ean iritsiko da Gasteizera.
Larunbatetan ordutegia ezberdina izango da. Donostiatik 20:40an irtengo da, eta Gasteizera 22:29an iritsiko da.
Joan-etorriak 20,60 euroko prezioa izango du, eta txartelak honako toki hauetan eros daitezke: geltokietan, bidaia-agentzietan, posta-bulegoetan, Autobenta makinetan, 912 320 320 telefonoan eta www.renfe.com webgunean.
Tren bakoitzak 258 plaza ditu, baita aire girotua, mugikortasun urriko pertsonentzako lekua eta WC egokitua ere. Gainera, balio anitzeko gune bat dute, elikagaiak eta edariak saltzen dituzten makinekin.