Gizartea -
Migrazioaren drama
Espainiako Herriaren Defendatzailea Melillako tragediaren kudeaketa ikertzen hasi da
Angel Gabilondok zuzendutako bulegoak jakitera eman duenez, ikerbidea abiatu eta agintariei informazioa eskatu die. JJpD eta UPF epaileen eta fiskalen elkarteek, hurrenez hurren, ikerketa bat aurrera eramatea eskatu dute.
Agentziak | EiTB Media
Espainiako Herriaren Defendatzailea Melillako mugan, ostiralean, gertatutako tragedia ikertzen hasi da bederatzi elkarteren eskaera onartu ondoren. Gutxienez 23 pertsona hil ziren Espainian sartzeko saiakeran.
Horrela, Angel Gabilondok zuzendutako bulegoak jakitera eman duenez, ikerbidea abiatu eta agintariei informazioa eskatu die.
Agiri batean, Espainiako Herriaren Defendatzaileak heriotzak deitoratu ditu. Gertakarien berri izan bezain laster, Gabilondo Espainiako Gobernuak Melillan duen ordezkariarekin eta Guardia Zibileko zuzendari nagusiarekin harremanetan jarri zela erantsi du, biktimen eta zaurituen egoeraren berri izateko.
Herriaren Defendatzaileak hainbat galdera egin zituen, hain zuzen ere, Espainiara iritsi ziren pertsonen egoera, Melillako etorkinentzako aldi baterako egoitzan protokoloak nola aplikatu diren, abokatuen arreta jaso ote zuten eta Estatuko segurtasun indarretako kide zaurituen egoera zein den ezagutzeko.
Bestalde, JJpD eta UPF epaileen eta fiskalen elkarteek, hurrenez hurren, ikerketa bat aurrera eramatea eskatu dute. Bi elkarteek heriotzak gaitzetsi dituzte Twitter sare sozialean, eta hiri autonomoan gertatutakoa argitzea eskatu dute. Gainera, giza eskubideen urraketatzat jo dute.