Gizartea -
Migrazioa
Afrikako Batasunak ikerketa eskatu du Melillako hesian gutxienez 23 lagun hil ondoren
Giza Eskubideen Marokoar Elkarteak ziurtatu du gutxienez 27 migratzaile hil direla, eta, Caminando Fronteras Gobernuz Kanpoko Elkartearen arabera, aldiz, 37 dira. Melillako presidentearen iritziz, hesian jazotakoa "lazgarria" izan da: "Guardia Zibilak ahal duena eta gehiago ere egiten du".
EITB MEDIA
Moussa Faki Mahamat Afrikako Batasunaren Batzordeko presidenteak "hunkipena eta kezka" adierazi du, ikusita "afrikar migratzaileek Marokoren eta Espainiaren arteko mugan pairatzen duten tratu bortitza eta iraingarria"; halaber, ikerketa eskatu du, ostiralean Melillako hesian gutxienez 23 lagun hil ondoren. Hori bai, Giza Eskubideen Marokoar Elkarteak ziurtatu du gutxienez 27 migratzaile hil zirela gertakarian, eta Caminando Fronteras Gobernuz Kanpoko Elkartearen arabera, aldiz, 37 dira. Bitartean, Melillako presidentearen iritziz, hesian jazotakoa "lazgarria" izan da: "Guardia Zibilak ahal duena eta gehiago ere egiten du".
Hala, Mahamatek, Afrikar Batasunaren ohar batean, zehaztu du "berehalako ikerketa" eskatzen duela horren gainean: "Herrialde guztiei gogorarazten diet beharra dutela nazioarteko zuzenbidepean migratzaileak duintasunez tratatzeko, eta horien segurtasunari eta giza eskubideei lehentasuna emateko. Halaber, indar handiegia erabiltzea ere saihestu behar dute".
Ostiralean, Saharaz hegoaldeko 2.000 bat lagun, makilak eta harriak aldean zituztela, Melillako hesirantz joan ziren, Marokoren eta Espainiaren arteko mugarantz, espainiar lurraldean sartzeko asmoz. Marokoko indarrak, aldiz, migratzaileak geldiarazten saiatu ziren, borrak, gas negar-eragileak eta gomazko pilotak baliatuz.
De Castro: "Ankerkeria da, arazo larria dugu"
Testuinguru honetan, Melillako presidente Eduardo de Castroren iritziz, Melillako hesian ostiralean jazotakoa "bortitza eta lazgarria" izan zen; De Castrok eskatu du muga-perimetroa eta lurraldeko segurtasuna eta osotasuna indartzea: "Gertatzen ari dena ankerkeria da. Arazo larria dugu".
"Europar Batasunak onartuta du uhartetasunaren arazoa, eta kontuan izan behar da. Estatus berria bilatu beharko da Ceutarako eta Melillarako, europar ikuspuntutik", gehitu du. Galdetu diotenean honelako egoerei aurre egiteko moduko baliabide nahikorik dauden, honako hau erantzun du: "Hau berriro ez gertatzea ez dago Segurtasun Indarren eta Gorputzen esku; Saharaz azpikoek hesia izatearen araberakoa da, ordea".
Melillako presidentearen arabera, errua ez da espainiar segurtasun-gorputzena; izan ere, haren iritziz, "Guardia Zibilak ahal duena egiten du, eta gehiago ere".