Gizartea -
koronabirusa
Felix Zubia: "EAEn bakarrik, egunean 3-4 pertsona hiltzen dira oraindik covidaren ondorioz"
Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburuak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan azaldu duenez, egoera endemikoan gaude, unean. Pandemikoa baino "hobea" da baina, berez, "ez da ona".
i.l.k. | eitb media
"Egoera endemikoan gaude" unean, Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko Zerbitzuburuak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan azaldu duenez. Adituaren hitzetan, pandemikoa baino hobea da baina, medikuntzaren ikuspegitik, "ez da ona"; mantendu egiten delako, behera egin ordez.
Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, "egunean 3-4 pertsona" hiltzen dira oraindik covid-19aren ondorioz. Zubiak nabarmendu duenez, "ospitaleek jasan dezakete, ZIUek ere bai, baina batez ere zaurgarrienak ari dira hiltzen: adinekoak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta immunitate arazoak dituztenak". Medikuaren aburuz, "haiek ere merezi dute gure aldetik ahalegintxo bat ahal denetan" eta, horrekin batera, "euren buruak babesteko aholkuak, besteok neurriak ia utzita ditugulako".
Udaren iritsierak igoerak ekarri ditu transmisioan, "batetik, jendearen pilaketa eta mugimenduak handiagoak direlako: herriko jaiak, kontzertuak, festak...". Bestetik, azpialdaera berrien sorrera azpimarratu du Zubiak. Izan ere, omikron aldaeraren barruan, "aldaketa txikiak" gertatzen ari dira eta, une honetan, BA5 izeneko azpialdaera bat ari da zabaltzen.
Azpialdaera berri horien ezaugarri nagusia da immunitateari ihes egiteko "gaitasun handixeagoa" dutela eta, hortaz, gaitza berriro pasatzeko arriskua daukagula, aurreko defentsek ez dutelako infekzioa galarazten. Edonola ere, medikuak gogorarazi du defentsa horiek, txertoek bezalaxe, kasuen larritasuna arindu egiten dutela eta kasu gehienak arinak direla, "gripearen antzekoak".
Hortaz, larriak ez diren arren, "azpialdaera hauek ematen direnean, gorabeherak izaten dira eta, kasuak zailtzen direnean, ospitaleetan igarri egiten da". "Gaitzak behera egitea beharko genuke, eta egoera desagertzea", berretsi du Zubiak, ondorio gisa.