Gizartea -

Indarkeria matxista

Espetxean sartu dute bikotekide ohia hiltzen saiatzeagatik Barakaldon atxilotutako gizonezkoa

Biktima Gurutzetako ospitalera eraman dute labankadaz egindako zauriengatik.

Gurutzetako Ospitalean dago biktima ingresatuta. Argazkia: EITB Media
Gurutzetako Ospitalean dago biktima ingresatuta. Argazkia: EITB Media
Gurutzetako Ospitalean dago biktima ingresatuta. Argazkia: EITB Media

M. D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bikotekide ohia hiltzen saiatzeagatik, gaur goizaldean, Barakaldon atxilotu duten 40 urteko gizonezkoa espetxean sartu dute, epaileak hala aginduta.

04:00ak inguruan izan da erasoa, Barakaldoko etxebizitza batean. Bizilagunen deia jaso ondoren, larrialdi zerbitzuak bertaratu direnean, emakumea eskailera-buruan topatu dute, labanaz egindako zauri larriekin. Gurutzetako Ospitalera eraman dute, eta han dago ingresatuta.

Erasoa izan den tokitik ihes egin du ustezko erasotzaileak, baina Ertzaintzak handik gutxira atxilotu du. Hilketa saiakera egotzi diote.

Goiza polizia-etxean igaro ondoren, Barakaldoko Zaintzako Epaitegira eraman dute, eta epaileak ustezko erasotzailea Basauriko espetxean sartzea agindu du.

Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, erasoaren nondik norakoak argitzeko.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Barakaldo Gizartea Sexu-abusuen biktimak gaur Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak