Gizartea -
EITB, AITA MARIN
Aita Mari ontzia gaur lehorreratuko da Sizilian
Aurreikuspenen arabera, erreskate ontzia 09:00ak aldera iritsiko da Siziliako Augusta portura. Mediterraneo itsasotik erreskatatutako 112 pertsona daramatza barruan tripulazioko kideez gain.
EITB MEDIA
Aita Mari itsas salbamenduko euskal ontziak gaur lehorreratuko ditu Sizilian daramatzan 112 migratzaileak. Aurreikuspenen arabera, 09:00ak aldera iritsiko da Augusta portura.
Aita Marik egunak zeramatzan Mediterraneoan erreskatatutako 112 pertsona migratzaileak lehorreratzeko portu bila. Atzo, Sizilian porturatzeko baimena jaso dutela jakin zutenean, migratzaileak saltoka eta oihuka hasi ziren, pozez zoratzen.
Azken egunetan, ontzi barrutik ohartarazi dute tentsioak gora egin duela espazio mugatuak, estresak eta bizikidetza zailak eraginda. Izan ere, horietako batzuk ekainaren 14tik daude barruan.
Misio honetan Aita Marik lau erreskate egin ditu; azkena ostiralean izan zen, eta 45 pertsona salbatu zituen. Aurrez, 11, 17 eta 40 pertsona erreskatatu zituen. Beraz, 113 pertsona guztira.
Horietako bat, Hamsa, 15 urteko mutil etiopiarra, Lampedusan lehorreratu zuten iragan ostiralean ospitale arreta behar zuelako.
EITB Media azken misio honen lekuko berezia izaten ari da. Izan ere, Asier Sanchez kazetaria ontzi barruan doa, jarraipen zabala egiteko eta bigarren misio honen nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Erreskate ontzia ekainaren 6an abiatu zen Palmako portutik Mediterraneo erdialdera, denboraldiko bigarren misio humanitarioan.
Aurreko misioetan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migratzaileak erreskatatzea da helburua.