Gizartea -

SUTEAK NAFARROAN

Suteak "kontrol eta itzaltze" bidean daudela adierazi du Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du egoera aldekoa dela, eta suteak egonkortzeko lanean ari direla.

Helikoptero bat Eslaban. Argazkia: EFE
Helikoptero bat Eslaban
Nafarroako suteek suntsitutako eremuak, airetik ikusita

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan asteburutik piztuta dauden suteak itzaltzeko lanean jarraitzen dute oraindik, baina egoerak nabarmen egin du hobera. Izan ere, gaur goizeko agerraldian Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, suteak "kontrol eta itzaltze egoera baterantz doaz". Egoera aldekoa dela eta suteak egonkortzeko modu aktiboan lanean ari direla gaineratu dute.

Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi du Nafarroako Larrialdietarako Lurralde Plana edo Platena deiturikoa suteen egoerak hobera egin duelako. Hori dela eta, plan horri lotutako debeku guztiak ere indargabetu egin dira. Esaterako, nekazaritza lanak egiteko debekua altxatu egin dute. Dena dela, Gobernutik arduraz jokatzeko deia egin dute.

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne zuzendariak kazetarien aurrean azaldu duenez, gaur 09:00etan suteak eragozteko Infona planaren 2. maila sartu da indarrean. Asmoa da 14:00etan 1.mailara jaistea eta pixkanaka sua itzaltzeko baliabideak murriztea.

Gaur, Nafarroako baliabideak ez ezik, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren bi helikoptero eta Larrialdietako Unitate Militarreko baliabideak ari dira bertatik bertara lanean. Iragan goizaldean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Errioxako baliabideak erretiratu egin dira.

Egoerak hobera egin izanak ahalbidetu du etxetik kanpo zeuden lau herrietako bizilagunak (Amatriain, Makirriain, Olleta eta Santsoain) etxera itzuli ahal izatea.

Amparo Lopezek erantzukizunez jokatzeko deia egin du eta suteek kaltetutako eremuetara ez joateko eskatu du, egoera "ezegonkorra" delako.

Bestalde, azpimarratu du suaren aurka zuzenean lan egin duten 1.000 pertsona horietatik bost baino ez direla zauritu. Guztiak arin zauritu dira.

San Joan suen inguruan galdetuta, Amparo Lopezek erantzun du hiriarteko lurretan eskumena Ingurumen Sailarena dela, hiri lurretan, ostera, Udalena. Atzo, adibidez, Iruñeko Udalak San Joan suak egitea debekatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua berriak