Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
EAEn 71 eutanasia eskaera izan dira azken urtean, eta 25 kasuk egin dute aurrera, Sagarduiren esanetan
Urtebete da legea indarrean sartu zenetik, eta horren inguruko datuak eman ditu Osasun sailburuak. "EAEn azkar, eraginkortasunez eta modu eredugarrian jarri martxan legea", Sagarduiren ustez.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Eutanasiaren Legeak urtea bete duen honetan —2021eko ekainaren 25ean sartu zen indarrean—, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 71 eskaera izan dira, eta horietatik, 25 kasuk egin dute aurrera. Gainerako batzuk izapidetzen ari dira, eta beste batzuk eskubidea gauzatu baino lehen hil egin dira.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Sagarduik nabarmendu du "EAEn azkar, eraginkortasunez eta modu eredugarrian" jarri dela martxan legea eta "emandako urratsa handia" izan dela.
Lehen Arretako egoera eta sindikatuek gaurko zein iganderako deitu dituzten protestak hizpide, Osasun sailburuak berretsi du Osakidetzan ez dagoela "murrizketarik, desegiterik edo pribatizaziorako asmorik". Elkarrizketarako deia egin du, beste behin, horren hitzetan, "bide horretatik bakarrik" etorriko delako konponbidea.
Arlo horretan iragarritako inbertsio eta profil berrien harira, jakinarazi du dagoeneko 200 kontratazio berri egin dituztela, baina aurrerantzean ere beste batzuk egingo dituztela. Hartara, 300etik gora izatea aurreikusi du. Halaber, erizaintzak etorkizunean izango duen pisuaz galdetuta, Osasun sailburuak azpimarratu du "normaltasunez" ikusi beharko duela gizarteak erizainak ere "erreferentziazko profesionalak" izatea, baina argitu du erizainek ez dutela medikuen lana egingo. "Osasun zaintza benetan ona nahi badugu, talde lana izan behar dugu eredutzat".
Gainerakoan, covid-19aren eta tximino-baztangaren kasuak ahotan, Sagarduik aitortu du kasuak eta intzidentziak igo egin direla, baina "esperotako bilakaera" dela azpimarratu du. Bigarrenaren kontura, jakinarazi du EAEn ezagutzen ziren bederatzi kasu horiek besterik ez direla atzeman, eta badirudiela transmisioa "ebaki" egin dela, Osakidetzak egin duen "jarraipen zehatz horren ondorioz eta pertsonek hartutako babesari esker".