Gizartea -
Suteak Nafarroan
Suak 10.000 hektarea baino gehiago kiskali ditu Nafarroan
Suterik larrienak San Martin Unxen, Galipentzun eta Erreniegan daude. Hala ere, egoerak hobera egin du, eta Nafarroako Gobernuak alerta-maila jaitsi egin du. Olleta, Makirriain, Santsoain eta Amatriain udalerrietako bizilagunek etxera itzuli ezinik jarraitzen dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Suteak itzaltzeko lanak bide onetik doazela egiaztatu ostean, Nafarroako Gobernuak larrialdi maila murriztea erabaki du. Halaber, larunbatetik izandako sute ezberdinen ondorioz, 10.000 hektarea baino gehiago kiskali dira, lehendabiziko kalkuluen arabera.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak azaldu duenez, suterik kezkagarrienak une honetan bi dira: San Martin Unx eta Galipentzu ingurukoa eta Erreniegakoa. Bi eremu horietan, egoerak hobera egin du egunez, baina suhiltzaileek lanean segituko dute gauean garrak berpiztea ekiditeko.
Bestalde, Olleta, Makirriain, Santsoain eta Amatriain udalerrietako bizilagunek etxera itzuli ezinik jarraitzen dute. Guztira, 90 pertsona ebakuatu zituzten herri horietan.
Remirezek zehaztu du larrialdi-maila jaitsi badute ere, basoko suteen kontrako alerta 2. mailan mantentzen dela eta, beraz, gainerako erkidegoetako eta Estatuaren baliabideak erabiltzeko aukera izango dutela garrei aurre egiteko.
Bestalde, 10.000 hektareatik gora erre direla jakinarazi du, baina, aldi berean, azpimarratu du behin-behineko datuak direla eta aurrerago egingo dutela kalteen balantzea.
Horrez gain, eta egoera hobera egiten ari den arren, Remirezek arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei, eta, ildo berean, esker ona adierazi die egunotan etxetik aterarazi dituzten bizilagunei erakutsi duten jarreragatik.
Halaber, esan du sua itzaltzeko lanetan 1.100 behargin ibili direla, poliziak, boluntarioak eta osasun arloko langileak kontuan hartu gabe.
Amaitzeko, iragarri du, gauean dena ondo badoa, asteazkeneko Krisi Mahaiaren bileran larrialdi egoerari lotutako neurriak gehiago arintzea aztertuko dutela. Oraingoz, baina, nekazaritza jardueratan makinak erabiltzeko debekua indarrean egongo da.