Gizartea -
San Joan bezpera
San Joan bezperan 15 su egiteko baimena eman du Bilboko Udalak
Bi urteko etenaren ondoren, auzo hauetan piztuko dituzte suak: Deustu, Deustuko Erribera, San Ignazio, Matiko, Zurbaranbarri, Etxebarria parkea, Santutxu, Otxarkoaga, Abusu, San Adrian, Irala, Zorrotza, Bilbo Zaharra, Masustegi eta Iturrigorri-Peñascal.
Agentziak | EITB Media
Covid-19aren pandemia tarteko bi urtez etenda egon ostean, bueltan dira San Joan bezperako suak. Bilboko Udalak 15 su egiteko baimena eman du hiribildu osoan.
Zehazki, auzo hauetan piztuko dituzte: Deustu, Deustuko Erribera, San Ignazio, Matiko, Zurbaranbarri, Etxebarria parkea, Santutxu, Otxarkoaga, Abusu, San Adrian, Irala, Zorrotza, Bilbo Zaharra, Masustegi eta Iturrigorri-Peñascal.
Bilboko Udalak ohar batean nabarmendu duenez, herritarrek kontu handienarekin ibili beharko dute beharrezkoak ez diren arriskuak saihesteko.
Era berean, hainbat baldintza jarri ditu sua pizteko orduan. Lehenik eta behin, sua piztu aurretik pilatutako material multzoak hiru metroko altuera izan dezake, gehienez. Horrez gain, debekatuta dago likido leherkor edo sukoiak erabiltzea, eta kea eta/edo ke toxikoa sor dezaketen materialak ere bai (pneumatikoak, plastikoak, oihalgintzako olioak, gailu elektrikoak eta abar).
Sua eraikin, linea elektriko, instalazio edo objektu finko nahiz mugikor orotatik eta era guztietako ibilgailuetatik 15 metrora jarri behar da, gutxienez.
Gainera, suaren inguruan, eta jendea dagoen alderaino, lau metroko edo gehiagoko segurtasun-perimetroa egon behar da, eta perimetro barruan sua zaintzen duten pertsonak bakarrik egongo dira. Bestalde, galarazita dago sua urbanizatutako zoladuraren gainean ipintzea, nahiz asfaltoa izan, nahiz lauzak izan.
Haizea zakar badabil, sua bertan behera uztea gomendatu du Udalak. Are gehiago, haize gogorragatik abisua ezartzekotan, sua egitea debekatuko du Udalak.