Gizartea -

#EKIN_ANIZTASUNA

Vera Alonso: "Emakume zisengandik datoz sarri arbuioak, beren espazioa inbadituta sentitzen dutelako"

Miss Euskadira aurkeztu zen lehen emakume transexuala izan zen Alonso, eta horrek laudorioak eta kritikak, biak jasotzea ekarri zion. Kritika horiek "aktibismo" bihurtzeko lan egiten du, beste batzuek ez dezaten jasan berak pairatu behar izan duen transfobia.

Vera Alonso, gaur Radio Euskadi.
Vera Alonso, gaur Radio Euskadi.
Vera Alonso, gaur Radio Euskadi.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vera Alonso aktorea Miss Euskadiko lehiaketara aurkeztu zen lehen emakume transexuala izan zen; duela hiru urte aurkeztu zen, 17 urte zituela.

Albistea zabaldu zenean, mezu asko jaso zituen, horietako asko, positiboak, baina baita kritika asko ere, batez ere emakumeengandik, Radio Euskadiko Boulevarden gaur ziurtatu duenez: "Bitxia da, zeren eta, oro har, transexuala izateko fobia hori sortzen dion pertsona gizona izatea espero duzu, eta, aldiz, askotan, arbuioa emakume zisgeneroengandik dator, bestelako hezkuntza bat jaso dutelako edo beste ingurune batean mugitu direlako, badirudi molestatu egiten diela zuk emakume izan nahi izatea; euren espazioa inbadituta ikusten dute antza, baina ez da horrela". 

Denbora batez kanpoan ikastetik itzuli ondoren aurkeztu zen Miss Euskadira. Hilabete gutxi ziren trantsizioa egin zuela eta bere bizitzako "une gorenean" zegoen, eta aitortzen du oso zaila izan zela lehiaketara aurkezteko erabakiak ekarri zituen kritika guztiak kudeatzea.

Haterren (sareetan hala deitzen zaie 'gorrotatzaileei') kopuruak behera egin duela dio, nahiz eta oraindik badiren. "Badirudi beti dagoela zu transexuala izate hutsak gogaitzen duen pertsonaren bat, berdin du harekin tratua duzun ala ez, zure transexual izaera gogaikarria zaio, eta, hala jakinarazten dizu, nahiko modu zakarrean gainera".

Hala ere, eta "zaila" bada ere, ohitu egin da iruzkinetara eta horiei entzungor egitera; "erantzutea da egin dezakezun gauzarik txarrena da". Hori bai, iraintzeko asmoa duten iruzkin eta profilak salatzen ditu sareetan, baina, oraingoz, ez du jaso, dioenez, "poliziaren aurrean salatzeko moduko iruzkin mingarririk".

Dena dela, transfobia horretaz hitz egitearen eta esperientzia txarra "aktibismo" bihurtzearen aldeko apustua egin du, berak jasan duena jasaten ari diren edo etorkizunean sufri dezaketen pertsonei laguntzeko. "Nola ez, gure esku dagoen guztia egingo dugu laguntzeko", dio.

Hitzetatik ekintzara pasatzeko erabaki horri jarraituz, hain zuzen ere, ikastetxeetara joaten da transexualitateaz eta transfobiaz hitz egitera. "Jendea asko inplikatzen da, eta eskertzen dute norbait gai hauez sakonki hitz egitera joatea, izan ere, askok horien inguruan zerbait entzun badute ere ez dira ausartzen horietan sakontzera", azaldu du Alonsok. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LGTBI