Gizartea -

Hezkuntza

Gela bakoitzeko ikasle "zaurgarrien" gehienezko proportzio bat ezarriko du Hezkuntza Sailak

Jokin Bildarratz sailburuak hezkuntza itunaren jardueren kronograma aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Lehenengo ekintzen artean kontzertazioak berritzea dago, "eskolatze orekatua sustatzeko ikasle guztiek baldintza berberak izan ditzaten".

Jokin Bildarratz, gaur, Legebiltzarrean. EFE
Jokin Bildarratz, gaur, Legebiltzarrean. EFE
Jokin Bildarratz, gaur, Legebiltzarrean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza Sailak ikasgela bakoitzeko ikasle "zaurgarrien" gehieneko proportzio bat ezarriko du, eta ikasle horientzako "plaza-erreserba" bat ezarriko du euskal hezkuntza-sistemako ikastetxeetan, hezkuntza-itunean jasotzen den gisan, jatorri sozioekonomikoaren araberako eskola-bereizketari aurre egiteko.

Irailean hasiko den ikasturteari begira Hezkuntza Saila lantzen ari den plangintza-araudi berrian jasotzen dira neurri horiek. Horrela aurreratu du astelehen honetan Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, berak eskatuta Legebiltzarreko batzordean egindako agerraldian. Agerraldi horretan, Hezkuntza Lege berriaren oinarri izango den eta EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk sinatutako hezkuntza-ituna betetzeko jardueren kronograma jakinarazi du. 

Egin beharreko lehen zereginen artean, hezkuntza-kontzertuak berritzea dago, eskola-plangintza berriarekin batera, "eskolatze orekatua sustatzeko ikasle guztiek baldintza berberak izatea" helburu izango duen esparru berri batean oinarrituta.

Bildarratzek "erantzukidetasuna" eskatu die itunpeko ikastetxeei, eta "hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duten ikastetxeei beharrezko baliabideak emateko" konpromisoa azpimarratu du.

Datorren ikasturterako eskola plangintza eguneratzea planteatu du, "ikasle zaurgarrientzako tokiak erreserbatuz" eta ikasle mota horren "proportzio maximo" bat finkatuz gela bakoitzeko.

Sailburuaren ahotan, matrikulazio sistemak "ekitatea" ziurtatzea da helburua, "dinamika inklusiboagoak sustatuz". 2024ko bigarren seihilekoan udal bulegoak sortuko dira. Onarpen baremoetan diskriminazio positiboa aplikatzea beharrezkoa izango da.

Arrazoi ekonomikoengatik eta sozialengatik segregazioa saihesteko neurrietan jasotzen dira pausoak dagoeneko. Saila diagnostiko bat egiten ari da, urteko azken seihilekoan, Legebiltzarrean, proposamen zehatzak aurkezteko.

Hezkuntza itunaren arabera, eskola publikoa sistemaren ardatza da. Zentzu horretan, 2024ko bigarren seihilekoan Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa onartzea lehentasuna da. Zentroen balio erantsia hobetzea, lanpostuak finkatzea, egonkortasuna ematea eta figura berriak sortzea bilatuko du egitasmoak.

Bildarratzek baieztatu duenez, "eskola publikoan toki bat nahi duten familia guztiek lortzea" da Hezkuntza Sailaren konpromisoa. Horretarako, "plaza publikoak areagotuko dira plangintza mekanismorik eraginkorrenak aplikatuz, bereziki hiri eremu jendetsuenetan", aurreratu duenez.

Itunpeko zentroen doakotasuna ziurtatzeko asmoz, Sailak plaza baten kostua kalkulatu eta kontrol mekanismoak martxan jarriko ditu, "kuotak kobratzeko praktikak desagertzeko". Gainera, ikastetxeetan kontu-ikuskapenak aurrera eramango dituzte, 2022ko azken lauhilekoan hasita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Euskal Eskola Publikoa Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza