Gizartea -
Suteak Nafarroan
Galipentzun dute "egoera kritikoena", baina gainerako suteak hobera egiten ari dira
Galipentzuberri ebakuatu behar izan dute, baina Foru Gobernuak adierazi du herria ez dagoela "arriskuan". Los Arcoseko eta Lodosako suteak kontrolatuta daude. San Martin Unx, Uxue, Biguria, Girgillao, Artazu eta Arzotz udalerrietako biztanleak etxera itzuli ahal izan dira.
EITB Media
Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne Kontseilaritzako zuzendari nagusiak azaldu du "egoera kritikoena" Galipentzun dutela une honetan. Hori bai, gainerako suteak "hobera" egiten ari direla gaineratu du. "Ikusten ari gara egoera hobera egiten ari dela, zalantzak beti dauden arren", adierazi du, hedabideen aurrean.
Lopezek zehaztu du Galipentzuko sutea dela "ikusgarriena" eta "alarma handiena" pizten duena, baina nabarmendu du Galipentzuberri ez dagoela arriskuan. "Nolanahi ere, segurtasuna eta lasaitasuna izateko, hustu egin dugu herria. Pertsonak dira lehentasuna", esan du.
Horren esanetan, Galipentzun dute "egoera kritikoena", baina "lasaitasuna" eta "autobabesa" eskatu ditu. Horren ildotik, arriskurik ez hartzeko deia egin die herritarrei. "Profesionalak oso modu eraginkorrean ari dira lanean".
Beste suteei dagokienez, Lopezek esan du kontrolatuta daudela Los Arcosekoa eta Lodosakoa. Esako urtegiko sutea Zaragozan piztu da, eta, ondorioz, Aragoiko eta Nafarroako larrialdi zerbitzuak koordinatuta ari dira garrak itzaltzeko lanean.
"Leireko Monasterioa babesteko suebakia egin dugu eta, prebentzioagatik, ostatuan zeuden turistak eta mendekotasuna duten bi fraide ebakuatu egin ditugu", azaldu du.
Bestalde, San Martin Unx, Uxue, Biguria, Girgillao, Artazu eta Arzotz udalerrietako biztanleak etxera itzuli ahal izan dira astelehen iluntzean.
Aldiz, Galipentzu, Makirriain, Sansoain, Olleta, Lerga, Amatriain eta Eslaba herriak jendez hustu dituzte garrak herrigunera iristeko arriskua dagoelako.
Horrez gain, Lopezek esan du hainbat gobernuren laguntza izaten ari direla hondamendiari aurre egiteko, tartean, Eusko Jaurlaritzarena eta Espainiako Gobernuarena.
Kazetarien galderei erantzunez, egoera larria dela aitortu du. "Sua berpiztea ekiditeko lanean ari gara, baina haizeak nahiko gogor jotzen du eta hezetasunak gora egiten ez badu, garrak indartu daitezke", ohartarazi du.
Jendez hustu dituzten udalerrien kasuan, etxera arriskurik ez dagoenean itzuliko direla adierazi du, eta zehaztu du erabaki hori suhiltzaileek hartuko dutela.
Suteen jatorriari dagokionez, Lopezek esan du ikerketak aurrerago egingo dituztela eta orain "larrialdiari erantzutea" dela "premiazkoena".
Bestalde, Francisco Javier Leoz San Martin Unxeko alkateak herritarrak etxera itzuli daitezkeela iragarri du Radio Euskadiko Ganbara irratsaioan egindako elkarrizketan.
"Dagoeneko, askoz lasaiago gaude, ez dugu suaren arriskurik", zoriondu da. Erantsi duenez, "suak herria guztiz ikaratuta zuen. Orain, nahiz eta oraindik foku txikiren bat izan, jadanik kontrolpean dute".
Hala ere, herrian gertatutakoarekin atsekabetuta agertu da: "oso triste gaude suak udalerri osoa kiskaldu duelako". Leozen ahotan, "zorte handia" izan dute, herrigunea eta etxeak salbatu direlako.
Labore ugari, basoak, makinak, tresnak eta nekazarien pabiloiren bat erre direla jakitera eman du alkateak.
Leozen hitzetan, larunbatetik iganderako gauean, "suaren norabidea ikusten zen, baita haizea eta tenperatura ere; sua herrira iristea saihestezina zen".
3:00etan adinekoen egoitza hustu zuten, eta, 06:00ak aldera, herri osoa, azaldu duenez. "Egunsentian, sutea herriaren ateetan geneukan. Hortik aurrera, benetako infernua izan zen; bost edo sei foku genituen herria zeharkatzen, suhiltzaileek ongi lan egin zuten, baina ezinezkoa zen gehiago egitea", ondorioztatu du.