Gizartea -
EITB AITA MARIN
Aita Mari ontziak 45 pertsona salbatu ditu bere laugarren erreskatean
Behin uretatik aterata, ohiko osasun azterketa eta covid-19 proba egin diete migratzaileei (negatibo eman dute). Egoera onean omen daude denak.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak 45 pertsona migratzaile erreskatatu ditu gaur, Asier Sanchez EITB Mediako kazetariak bere Twitter kontuan jakinarazi duenez.
Orain arte egindako erreskate handiena da laugarren hori. Izan ere, aurretik, 11, 18 eta 40 laguni salbatu diete bizitza.
Taldeak hiru egun zeramatzan itsasoan, migratzaileek eurek Aita Mariko tripulazioari kontatu diotenez. Gehienak gizon gazteak dira, eta bost emakume eta 18 adingabe ere daude tartean.
Behin uretatik aterata, ohiko osasun azterketa eta covid-19 proba egin diete migratzaileei; negatibo eman dute. Ontzitik bertatik jakinarazi dutenez, denak onik daude.
Asteazkenean egindako erreskatean larri zauritutako Hamsa gaztea Lampedusara (Italia) eramatetik bueltan zegoen Aita Mari. Eguerdi aldera, jitoan zegoen patera baten berri izan du Nadir ontziak, baina hainbeste lagun hartzeko ahalmenik ez duenez, Aita Mari ohartarazi du eta horrek egin du erreskatea. Itsasoa bare-bare dago gaur, eta, horri esker, zailtasunik gabe salbatu dituzte bertan zihoazenak.
EITB Media azken misio honen lekuko berezia izaten ari da. Izan ere, Asier Sanchez kazetaria ontzi barruan doa, jarraipen zabala egiteko eta bigarren misio honen nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Erreskate ontzia ekainaren 6an abiatu zen Palmako portutik Mediterraneo erdialdera, denboraldiko bigarren misio humanitarioan.
Aurreko misioetan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migratzaileak erreskatatzea da helburua.