Gizartea -
EITB AITA MARI-N
Lampedusan lehorreratu dute Aita Marik herenegun egoera larrian erreskatatu zuen 15 urteko mutila
Lampedusan lehorreratu ondoren, inguruko ospitale batera eramango dute Aita Mari ontzian egin ezin dizkioten probak egin diezazkioten. Ontzian doazen gainerako 67 pertsona migratzaileek, ordea, porturatu ezinda jarraitzen dute.
EITB MEDIA
Aita Marik herenegun konorterik gabe erreskatatu zuen 15 urteko mutila Lampedusan lehorreratu dute goizaldean. Ontzian doazen gainerako 67 pertsona migratzaileek, ordea, porturatu ezinda jarraitzen dute.
Euskal erreskate ontzia porturatzeko baimenaren zain dago. Italiak ez du oraindik porturatzeko baimenik eman; are gehiago, bi aldiz ukatu dio. Maltak, bere aldetik, ez du erantzunik eman.
Aita Marik hiru erreskate egin ditu hiru egunetan Mediterraneo itsasoan, eta, guztira, 68 pertsona atera ditu onik.
EITB Media azken misio honen lekuko berezia izaten ari da. Izan ere, Asier Sanchez ETBko kazetaria ontzi barruan doa jarraipen zabala egiteko eta bigarren misio honen nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Erreskate ontzia ekainaren 6an abiatu zen Palmako portutik Mediterraneo erdialdera denboraldiko bigarren misio humanitarioan.
Aurreko misioetan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migratzaileak erreskatatzea da helburua.