Gizartea -

Bero bolada

Tenperaturak nabarmen jaitsiko dira eguerditik aurrera

Haizea bat-batean ipar-mendebaldera aldatuko da, eta Bizkaiko kostaldean nabarituko da tenperatura jaitsiera lehendabizi. Ondoren, ekialdera eta barnealdera hedatuko da aldaketa.

Jendea, beroarengandik babesten, Donostian. Argazkia: EFE.
Jendea, beroarengandik babesten, Donostian. Argazkia: EFE.
Jendea, beroarengandik babesten, Donostian. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat egunetan Euskal Herri osoan bero itogarria izan ondoren, badator aldaketa, eta eguerditik aurrera tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, batez ere, EAEn.

Euskalmetek iragarri duenez, eguerdi inguruan edo arratsaldeko lehen orduetan haizea bat-batean mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da kostaldean, bolada gogorrekin, eta tenperatura nabarmen jaitsiko da. Aldaketa Bizkaiko kostaldean nabarituko da lehenbizi, eta ondoren ekialdera eta barnealdera hedatuko da. Ordutik aurrera, hodeiak ugarituko dira, eta ezegonkortzera egingo du; litekeena da hainbat txokotan ekaitzak jotzea. Ekaitzak izaten diren tokietan, haize-bolada oso gogorrak izan daitezke eta kazkabarra egin dezake.

Nafarroan aldaketa ez da horrenbeste nabarituko. Gaur, larunbata, alerta laranja foru erkidego osora zabalduko da. 41 graduko maximoak espero dira Erriberan; 40 gradukoak, erdialdean; 39koak, isurialde kantauriarrean eta 37koak, Pirinioetan.

Ipar Euskal Herrian, alerta laranja indarrean egongo da larunbatean zehar ere. Meteo Francek kanikula edo uda minagatik aktibatu du alerta laranja Pirinio Atlantikoetako departamentu osoan.

Zure interesekoa izan daiteke: Bero-boladari aurre egiteko gomendioak

Baso-sute arriskua

Euskalmetek alerta laranja aktibatu du larunbaterako barnealdean, sute arriskuagatik. Gainera, aktibo mantenduko da abisu horia, kostako sute arriskuagatik.

Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak zuhurtzia eskatu du sute arriskuaren aurrean, eta barbakoak debekatu ditu erkidegoko hegoaldean. Lau baso-sute hondamena eragiten ari dira Nafarroan, ostegunetik (Leire, Tafalla, Larraga eta Olleta).

Beroaren ondorioak, han eta hemen

Gipuzkoako Mendietako eta Natura Inguruneko Foru Zuzendaritzak larunbat osoan zehar barbakoak edo parrillak erabiltzeko debekua ezarri du, sute-arriskua prebenitzeko ezohiko neurri gisa.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak 2022ko ekainaren 18rako antolatutako Eskola Kiroleko Programako ekintza guztiak bertan behera utzi ditu, surf jarduera izan ezik.

Gainera, beroaren ondorioz, 15 eta 16 urteko 50 gazte inguru matxuratutako autobus batetik atera behar izan dituzte ostiral honetan, Villabonan (Gipuzkoa). Ibilgailua Bartzelonara bidean zihoan. Hiru bidaiari eta bi ertzain artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek.

Hona hemen beroaren ondorioak prebenitzeko eta eguzki-erradiazioaren kalteak saihesteko aholku-sorta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Tutera Iparraldea Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Arabako Errioxa Bero-boladak