Gizartea -
ERREPIDEAK
Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgune bat eraikiko du N-I errepide gainean, Lasarte-Orian
Lanak udazkenean hasiko dira eta ia 9 milioi euroko aurrekontua izango dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgune goratu bat eraikiko du N-I errepidearen gainean, Lasarte-Orian. Biribilguneak egungo lotunea ordezkatuko du, eta horren helburuak dira trafikoa antolatzea eta egungo zubiaren galibo arazoak konpontzea.
Biribilgune goratuak 8,9 milioi euroko aurrekontua izango du eta lanek zortzi hilabeteko epea izango dute. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak aurreratu duenez, lanak udazkenean hasiko dira.
Lasarte-Oriako hegoaldeko lotunea lau adar dituen galibo txikiko goiko pasabide batek osatzen du, bi Donostiarako noranzkoan eta beste bi Andoainerako noranzkoan.
Egungo pasabidea eraitsi egingo da, eta gaineko bi pasabide sortuko dira. Biribilguneak 45 metroko luzera izango du.
Behin biribilgunea eginda, N-I errepidetik Lasarte-Oriarako noranzkoan dagoen egungo irteera lotune horretara eramango da (gaur egun 800 metro lehenago dago).
Diputatuaren arabera, lanek eragina izango dute N-I errepideko trafikoan, batez ere zubi berrien egiturak lekuz muntatzean eta lehendik dagoena eraistean.