Gizartea -
EITB AITA MARIN
Aita Mari ontziak beste 17 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoko uretan
'Aita Mari'k bi egunean egiten duen bigarren erreskatea da. Asteartean 11 pertsona migratzaile onik atera zituen. EITB Media misio humanitarioaren lekuko izaten ari da Asier Sanchez kazetariaren eskutik.
EITB MEDIA
Gipuzkoako Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak 17 pertsona migratzaile erreskatatu ditu gaur goizaldean Mediterraneo itsasoan. Horietatik zazpi adin txikikoak dira, denak gizonak, Eritreakoak edo Etiopiakoak. Atzo, beste operazio batean, 11 pertsona erreskatatu zituen. Hortaz, tripulazioko kideez gain, 28 pertsona doaz orain ontzi barruan.
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, 04:30ean jaso dute Alarm Phone erakundearen abisua 103 pertsona zeramatzan gomazko txalupa bat arriskuan zegoela ohartaraziz. Aita Mariren posiziotik 15 miliara zegoen. Inguruan, Sea Eye 4 erreskate ontzia 267 pertsonari laguntzen ari zen. Ez oso urruti, Libiako patruila bat ari zen guztia jarraitzen.
Aita Marik ia bi ordu behar izan ditu tokira iristeko eta ordurako gehienak Libiako kostazainen ontzian zeuden. Baltsan zihoazen beste batzuek uretara jauzi egin dute Libiako patruila ontziak harrapatu ez zitzan, eta horiek Aita Marik erreskatatu ditu. 17 lagun horiek negatibo eman dute covid-19a hautemateko proban eta onik daude. Dena dela, horietako bi behaketan daude erizaindegian.
EITB Media azken misio honen lekuko berezia izaten ari da. Izan ere, Asier Sanchez ETBko kazetaria ontzi barruan doa jarraipen zabala egiteko eta bigarren misio honen nondik norakoak gertutik ezagutzeko.
Erreskate ontzia ekainaren 6an abiatu zen Palmako portutik Mediterraneo erdialdera denboraldiko bigarren misio humanitarioan.
Aurreko misioetan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migratzaileak erreskatatzea da helburua.