Gizartea -

EITB 'AITA MARI'N

'Aita Mari' ontziak 11 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoko uretan

Ekainaren 6an Mediterraneo erdialdera abiatu zenetik egiten duen lehen erreskatea da. EITB Media bigarren misioaren lekuko berezia izaten ari da. Izan ere, Asier Sanchez ETBko kazetaria ontzi barruan doa.

'Aita Mari' ontziaren erreskate operazioa Mediterraneo itsasoan. Argazkia: EITB Media
'Aita Mari' ontziaren erreskate operazioa Mediterraneo itsasoan
'Aita Mari' ontziak 11 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoko uretan

0:33

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak 11 pertsona migratzaile erreskatatu ditu gaur goizaldean Mediterraneo itsasoan. Gehienak 20 eta 30 urte bitarteko marokoarrak edo bangladeshtarrak dira. Tartean bada 16 urteko somaliar bat ere.

Asier Sanchez ETBko kazetariak Euskadi Irratian azaldu duenez, 05:00etan jaso dute lehen abisua eta 06:00ak aldera ikusi dute lehendabiziko aldiz 11 pertsona zeramatzan patera txikia. Aita Mari ontzitik jaitsi eta motordun txalupa batean gerturatu dira jitoan zegoen ontzi txikira. Salbamendu-jaka jantzi ostean banan-banan igo dira motordun txalupara, eta, handik, Aita Marira. Covid-19aren proba egin diete eta guztiek negatibo eman dute.

EITB Media azken misio honen lekuko berezia izaten ari da. Izan ere, Asier Sanchez ETBko kazetaria ontzi barruan doa, jarraipen zabala egiteko eta bigarren misio honen nondik norakoak gertutik ezagutzeko.

Erreskate ontzia ekainaren 6an abiatu zen Palmako portutik Mediterraneo erdialdera, denboraldiko bigarren misio humanitarioan.

Aurreko misioetan bezala, pobreziatik edo gerratik ihesean, Mediterraneo itsasoan euren bizitzak arriskuan jartzen dituzten migranteak erreskatatzea da helburua.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Europa Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Giza eskubideak albisteak Aita Mari ontzia gaur Mediterraneo itsasoa gaur GKEak