Gizartea -

trafikoa

Bi gidari atxilotu dituzte Iruran eta Barrundian, kontrako noranzkoan eta alkoholaren eraginpean ibiltzeagatik

Polizia-etxera eraman dituzte bi gidariak. Dagozkien izapideak bete ostean, epailearen esku utziko dituzte atxilotuak.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi gidari atxilotu ditu Ertzaintzak igande honetan, Iruran (Gipuzkoa) eta Barrundian (Araba), kontrako norabidean ausarkeriaz gidatzeagatik eta alkoholemia probetan positibo emateagatik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lehen gertakaria larunbat honetako 23:34ean izan da N-1 errepidean, Lasarte-Oria eta Irura gipuzkoar herrien artean. Kontrako noranzkoan zihoan ibilgailu baten berri eman dute hainbat pertsonak.

Ertzaintzaren patruila batek autoa geldiarazi du Iruran, eta alkohola antzemateko probak egin dizkio gidariari, positibo eman duelarik.

Bigarren gertakaria igande goizaldeko 06:30etan izan da A-1 autobidean, Barrundia parean, trailer bateko gidaria kontrako noranzkoan gidatzen atzeman dutenean. Ertzaintzako agenteek alkoholemia probak egin dizkiote, eta emaitza positiboa eman du.

Biak ala biak atxilotu dituzte, bide segurtasunaren aurkako delitua egotzita, eta polizia-etxera eraman dituzte, dagozkien izapideak abiatzeko. Horiek beteta, epailearen esku utziko dituzte atxilotuak, nor bere Guardiako Epaitegian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gipuzkoa Araba EAE albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Arabako Lautada azken ordukoa