Gizartea -
ESKOLA TXIKIEN JAIA
Herri txikien eta auzoen biziraupenerako "ezinbestekoak" direla eskola txikiak aldarrikatu dute Errezilen
'Eskola Txikiak Bizirik' leloarekin, 34. urtez ospatu dute igande honetan Gipuzkoako Eskola Txikien jaia. 10:00etan hasi eta 20:00ak arteko egitaraua izango da.
O. P. | EITB Media
Gipuzkoako Eskola Txikien jaia ospatzen ari dira igande honetan Errezilen. 2021eko ekainean Aizarnako eskolak emandako lekukoari jarraiki, 34. Eskola txikien jaia da aurtengoa. 'Eskola Txikiak Bizirik' leloarekin jarraitzen da urterik urte jaia antolatzen, eta Errezilen, bigarren aldiz ospatuko da jai hau, 1995ean antolatu baitzuten lehen aldiz.
10:00etan izan da hasiera ekitaldia, Jokin Bildarrak Hezkuntza sailburua bertan zela, eta ondoren, hainbat ekitaldik hartu dituzte herriko kaleak. "Txikiaren handitasuna" aldarrikatu du Bildarratzek eta eskola txikien papera herrien biziraupenean.
Jaiaren antolakuntzan ibili da Errezilgo hezkuntza komunitatea urtebetez. Hala, Gipuzkoako eskola txikien arteko hartu-emana sustatzeko proposamen didaktikoak egin dira San Martin eskolatik gainerako eskoletara, eta proiektuaren emaitza gisa, kartel erakusketa eta "elkar ezagutuz" txapelketa egingo dira gaur.
Halaber, Errezilgo Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek, Maria Dolores Agirre (Errezil, 1903-Donostia, 1997) euskal idazle, itzultzaile, irrati esatari eta euskara irakaslea ezagutzeko proiektuan murgildu dira eta bere biografian oinarritutako antzerkia aurkeztuko dute.
Lizartzako eskola txikia izango da datorren urteko jaiaren antolatzailea.
Eskola txikien jaiko egitaraua:
10:00 - 11:00 Harrera ekitaldia
11:00 - 14:00 Batukada herrian barrena, herriko produktuen azoka, herri kirolak, puzgarriak, trebezia zirkuitua, zirko tailerra, eskalada txokoa, sormen tailerrak eta "Elkar ezagutuz" jolasa
14:30 - 15:30 Bazkaria
15:30 - 17:00 Andoni Ollokiegiren kontzertua
17:00 - 17:30 Ikasleen antzerkia: "M. Dolores Agirre"
17:30 - 18:30 "Baserriko porrusalda" clown emanaldia
15:00 - 19:00 Puzgarriak
18:30 - 20:00 Argizulo Dub Station taldearen kontzertua
Egun osoan Errezil Sagarraren Ibilbidea.
Errezilgo San Martin eskolako zuzendariak Eskola Txikien izaeraz eta errealitateaz hitz egin du eitb.eus-ekin. Eskola txikien egoera ona dela dio; pandemiak hautsitako harremanak berreskuratzea dute orain lehentasuna.
Miryam Urrutibeaskoa: "Eskola Txikien festa antolatu behar izateak asko lagundu digu lehengora bueltatzen"