Gizartea -
Hizkuntza-politika
Andueza: "Euskararen berreskurapena ezin dugu eskolara bakarrik mugatu"
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan, "arazoa ez dago euskararen ezagutzan, haren erabileran baizik". "Bidezko eta kalitatezko hezkuntza bat" bermatuko duen hezkuntza-lege baten alde egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Kulturarteko hezkuntza eleanitz baten" alde egin du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Bilbon izandako "Euskal Hezkuntzarentzat bide berria" izeneko jardunaldiaren irekieran. Gainera, euskararen berreskuratze lanak ezin direla "eskolara mugatu" ondorioztatu du Anduezak, "40 urteren buruan, emaitzekin pozik ez gaudelako". "Arazoa ez dago euskararen ezagutzan, erabileran baizik", nabarmendu du.
Anduezak adierazi duenez, "gizarte libreago eta bidezkoago eraikitzeko hausnarketarako oinarrietako bat da" hezkuntza sozialistentzat, eta "Europako sozialdemokraziaren ideien giltzarri".
Zentzu horretan, Euskal Hezkuntza Lege berrirako oinarriak adosteko Eusko Legebiltzarreko indar politikoen artean lortutako akordioa azpimarratu du. "Euskal hezkuntza sistemaren araudi berriaren garapenean bere isla izan behar du orain akordio horrek", gaineratu du.
Anduezaren iritzian, "bidezkoa eta kalitatezkoa izan behar da hezkuntza", eta hezkuntza-sistema duala saihestu behar da. Bere esanetan, auzia ez da bakarrik itunpeko eta publikoaren arteko gatazka. "Batasun sozialerako eta desberdintasun sozialak gainditzeko hezkuntza-sistemaren" alde egin du, "eskola publikoa erdigune izanda".