Gizartea -
TRAFIKOA
Egun erabakigarriak Kontxa inguruko lanetan, San Martin kalea behin-behinean itxi aurretik
Astelehenean Zubieta kalearen norabide aldaketarekin hasiko dira, eta horretarako Arrasate kaleak hartuko du Arrasateren trafiko guztiak. Ekainaren 16aren eta 21aren artean San Martin kalea itxiko da, norabidez aldatzeko lanak egin ahal izateko.
EITB Media
Zubieta eta San Martin kaleen noranzkok aldatzeko, Kontxako baranda berritzeko, Kontxako pasealekua eta bidegorria handitzeko eta saneamendua berritzera bideratutako lanetan egun erabakigarriak izango dira ondorengoak, eta Udalak azaldu duenez, eragin handia izango dute inguruetako kaleetako trafikoan.
Hala, egun abian den 3. Fasean, azken astean egin diren lanen ondotik, Urbieta eta Arrasate kalearen arteko Zubieta kalearen noranzko aldaketari ekingo diote datozen egunetan. Horretarako, Zubieta kalea itxita, Arrasate kaleak hartuko du trafiko guztia.
Bestetik, San Bartolome kalea jada zabalik dago behin betiko noranzkoan (sarrera San Martin kaletik duela), bai eta San Martinera doazen kale transbertsalak ere, Marina izan ezik.
Datorren astelehenean, ekainaren 13an Arrasate kaleko aparkalekuak hesitzen hasiko dira, beharrezko izango baitira autobusen trafikoa hartu eta dBus-en behin-behineko geralekuak instalatzeko.
Fase honetan amaituko da, horrez gain, Zubieta plazaren urbanizazioa eta bidegorriaren desbideratzea, Triunfo kaletik barrena.
Ekainaren 16tik 21era, San Martin itxita
Hirugarren faseko lanak aurreikusitako epean amaitzen badira, datorren ostegunean, ekainaren 16an 4. faseari ekingo zaio. Prozesu guztiko faserik esanguratsuenetakoa da, izan ere, San Martin kalea itxita egongo da Kontxa eta Urbieta kaleen artean. Baimea duten autoei baino ez zaie utziko han sartzen, Kontxatik beti ere.
Egun horietan trafikoa Zubieta kaletik bideratuko da nagusiki. Zubieta bi zatitan banatuta egongo da epealdi horretan: bat Kontxatik Arrasate kalerainokoa, trafikoa bi noranzkotan izango duena, eta Arrasate kaletik Urbieta kalerakoa bestea, zentzu bakarrean, sarrerakoa.
Alternatiba gisa, Erdialdetik Antiguara artean ibili nahiko luketen autoei, Pio Barjoa-Izoztegi bidea erabiltzea gomendatzen zaie.
Horrez gainera, Antiguatik Erdialdera joan nahi dutenek Mirakontxa-Zubieta-Urbieta ibilbidea egin ahal izango dute; kontrako norabidean, Antiguatik Erdialdera, Arrasate-Zubieta-Kontxa ibilbidea egin ahal izango dute.
Arrasate eta San Martin lotzen dituen Manterola kalea ere itxita egongo da, eta baimena duten autoak soilik sartu ahalko dira, Arrasate kaletik.
Azken fasea, ekainaren 21etik aurrera
Fase horiek gorabeherarik gabe igarotzen badira, ekainaren 21ean behin-betiko noranzkoa ezarrita egongo da San Martin, Zubieta eta San Bartolome, kaleetan, bai eta San Martin zeharkatzen duten Lersundi eta Triunfo kaleetan ere. Hori eginda dagoenean ekingo zaio bosgarren eta azken faseari; 5. fase honetan Arrasate eta Marina kaleak itxiko dira, horien zentzua aldatzeko.
Fase honetan amaituko dira bidegorriaren lanak ere, Easo eta Kontxa arteko bizikleta-ibilbidea aldatzeko; behin betiko lotura San Martin eta Triunfotik izango du. Bestetik, La perla ingurua Easo eta Urbietarekin loteko San Martin kaletik ezarriko da bizikletentzako ibilbidea.
Uztaileko lehen egunetan amaitzea espero da lan guztiak, beti ere lanen martxaren araberakoa izango da data hori.
Kontxako pasealekuaren asfaltatzea
Kontxako pasealekua asfaltatzeko lanekin jarraitzen dute eta, horretarako, lan hori amaitu bitartean, gauero itxita egongo da bide zati hori 00:00etatk 06:00etara.
Era berean, Mirakontxa pasealekuak ere itxita jarraitzen du Miramar Jauregirako noranzkoan, nahiz eta kontrakoan zirkulatzea posible izan. Alternatiba moduan, Kontxako pasealekuko eskuineko erreia zabalik mantenduko da Antiguara doazen autoentzat.