Gizartea -
Bizkaia
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, amaren heriotzarekin zerikusia duelakoan
Emakumea apirilaren 26an hil zen Gurutzetako ospitalean. Erietxean artatu zuten osasun langileek indarkeria zantzuak ikusi zituzten emakumearen gorputzean, eta ondoren auzitegiko medikuak berretsi egin ditu.
EiTB Media
Ertzaintzak 53 urteko gizon bat atxilotu du Barakaldon (Bizkaia), bere amaren heriotzarekin zerikusia duelakoan. Antza denez, emakumea arrazoi ez naturalengatik hil zen Gurutzetako Ospitalean, Ertzaintzak ohar batean azaldu duenez.
Lehen unean, ospitalean, artatu zuten osasun langileek indarkeria zantzuak ikusi zituzten emakumearen gorputzean, eta ondoren auzitegiko medikuak berretsi ditu.
Emakumea apirilaren 26an hil egin zen.
Barakaldoko instrukzio-epaitegi batek prozedura zabaldu eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Adinekoak erorikoa izan zuela azaldu zuen semeak, baina emakumearen lesioak eroriko baten ondorio ez zitezkeela izan ondorioztatu zuten.
Gainera, biktimak hasieratik beharrezko arreta jaso ez zuela egiaztatu ahal izan dute ikertzaileek. Ospitalera eraman zutenerako bere egoera oso larria zen.
Gauzak horrela, hildakoaren semea atxilotu dute, eta datozen orduetan epailearen esku utziko dute.