Gizartea -

bizkaia

Burdin Aroko 4.000 urtetako hileta-errituen hondarrak agertu dituzte Oizen egindako indusketek

2021etik, Berriz eta Mallabiako udalek sustatu dituzte ikerketak, Agiri arkeologia elkartearekin lankidetzan. Aurkikuntza ezagutzera emateko, bisita gidatua egingo dute ekainaren 19an.

Aurkikuntzaren aurkezpena, Berrizko Kultur Etxean. Argazkia: Berrizko Udala
Aurkikuntzaren aurkezpena, Berrizko Kultur Etxean. Argazkia: Berrizko Udala
Aurkikuntzaren aurkezpena, Berrizko Kultur Etxean. Argazkia: Berrizko Udala

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berrizko (Bizkaia) Oiz mendiko estazio megalitikoan egindako indusketa arkeologikoek Burdin Aroko hileta-errituen hondarrak utzi dituzte agerian; errausketen hondarrak, ziurrenik.

Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoak aurkikuntza horren emaitzak azaltzeko egindako ekitaldi batean azaldu duenez, Bizkaiko historiaurre garaikideko hileta segida megalitiko luzeenak lirateke hondar horiek, 4.000 urte inguruko aldia hartzen baitute barne.

Hala, arkeologoaren esanetan, ehorzketa kolektibo eta indibidualek gorpuzkien errausketaraino izan zuten bilakaera adierazten digute aurkikuntzek, hileta-praktikei dagokienez.

Ama Birjinen Basoa eta Iturzurigana trikuharriek eta Ipiñarrieta, Probazelaiburu I eta Probazelaiburu II tumuluek osatzen dute Oizeko estazio megalitikoa. 2009an, Eusko Jaurlaritzak Kultur Ondare izendatu zituen.

2021etik, Berriz eta Mallabiako udalek sustatu dituzte hondarren jatorri eta tipologiari buruz egindako ikerketa berriak, Agiri arkeologia elkartearekin lankidetzan.

Lan horietan zehar jakin ahal izan dutenez, multzo megalitiko honek aro horretako "hilobirik mendebaldarrenak" jasotzen ditu, "cromlech piriniotarren erdigunetik urrun", arkeologoaren arabera.

Gainera, egindako ikerketek bi cromlech berri ere atera dituzte argitara. Horien karbono-14 datazioei jarraiki, zirkulu piriniotarren testuinguru kronologikokoak lirateke, errautsitako gorpuzkirik aurkitu ez badute ere.

Cromlech piriniotarren jatorria, harrizko zirkulu formako monumentu megalitikoena alegia, K.a. 1200 eta 600 urteen artean legoke.

Aurkikuntza horiek ezagutzera emateko, Berriz eta Mallabiako udalek bisita gidatua antolatu dute ekainaren 19rako, Bizkaiko bi herri horien arteko 15 kilometroko oinezko ibilbide baten barnean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Zientzia Zientzia hedapena gaur Historia albisteak Berriz Durangaldea