Gizartea -
Bide Segurtasuna
Trafiko istripuen kopurua erdira jaistea, Bide Segurtasuneko 2030 Estrategiaren helburu nagusia
Gaur aurkeztu den estrategiak datozen urteetarako ibilbide-orria ezarri du, eta, besteak beste, bide-hezkuntza eskolan erakustea, gazteentzako gidabaimen bat eta test psikofisiko berriak aurreikusten ditu.
Agentziak | EITB Media
Gaur aurkeztu den 2030erako Bide Segurtasuneko Estrategiaren bidez, 2019an izan zirenen erdira murriztu nahi da espainiar Estatuan bide-ezbeharretan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua. Horretarako, hainbat neurri bultzatuko dira, besteak beste, datorren urtetik aurrera eskola-kurrikulumean mugikortasun seguruan eta jasangarrian oinarritutako ikasgaia irakasten hastea pixkanaka, gazteentzako karnet bat eta test psikofisiko berriak.
Hala azaldu du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) egoitzan, ostegun honetan, estrategia berriaren aurkezpenean: "Gidalerroen bilduma bat da, ibilbide-orri bat, hamarkada honetan administrazio publikoen, sektoreko elkarte eta erakundeen, enpresa-munduaren eta akademikoaren jarduna gidatuko duena". Bederatzi arlo estrategiko nagusiren inguruan egituratzen da estrategia, eta horiek, aldi berean, jarduera-ildo ugaritan antolatzen.
Planak aurreikusten dituen neurrien artean, nabarmentzekoak dira Hezkuntza Ministerioak sortutako Lanbide Heziketako mugikortasun seguru eta iraunkorreko Goi-mailako Teknikariaren titulua abian jartzea, eta gidarien azterketa medikoko zentroetan egiten diren gaitasun psikofisikoko proben protokoloak berrikustea eta eguneratzea, 2007tik baitaude horiek aldatu gabe.
Horrez gain, zilindrada altuko motoei dagokien A gidabaimena lortzeko egiten diren proba eta azterketa guztietan, airbaga erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
Halaber, aldagailu-automatikoa duten autoekin azterketa gehiago egitea sustatuko da, gidari berriak ibilgailu elektrikoak erabiltzera ohitu daitezen; izan ere, gaur egun, gidabaimena lortzeko azterketen ehuneko 98 eskuz aldatzen diren ibilgailuetan egiten dira.
Gidabaimenei buruzko Europako Zuzentarauan aurreikusitakoaren arabera, ministroak adierazi du B1 gidabaimen berri bat arautuko dela 16 urtetik aurrerakoentzat, gehienez 90 kilometro orduko abiadura eta gehienez 400 kilogramoko pisua duten ibilgailu elektrikoentzat.
"Frantzian, esaterako, emaitza onak lortu dituzte, eta abantaila izango da landa-eremuko gazteen mugikortasunerako; izan ere, ahalegin guztiak eginda ere, garraio publikoa ez da horietara beti iristen, ez behintzat baldintza berberetan", adierazi du ministroak.