Gizartea -

2022ko uda

Udako 93 egun eta 16 ordu 2022an, gaurtik aurrera

2022ko uda ekainaren 21eko 11:14an hasiko da Euskal Herrian, eta irailaren 23an emango dio lekukoa udazkenari.

Udara ekainaren 21ean hasiko da. Argazkia: EFE.
Udara ekainaren 21ean hasiko da
Udara ekainaren 21ean hasiko da. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022ko udara ekainaren 21ean hasiko da Euskal Herrian, goizean, 11:14an. Urteko urtarorik luzeena izango da, eta zehazki 93 egun eta 16 orduko iraupena izango du; izan ere, irailaren 23an emango dio lekukoa udazkenari, goizaldean, 3:04an. Hala du zehaztuta, bere web-orrian, Espainiako Astronomia Behatoki Nazionala; Espainiako Geografia Institutu Nazionalekoa da, Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako Ministerioaren mendekoa.

Noiz hasten da uda, eta zergatik ez du egun berean egiten urtetik urtera? Aipatutako iturriaren arabera, Euskal Herrian zein ipar hemisferioko gainerako toki guztietan, Eguzkiak ipar deklinaziorik handiena duenean hasten da udara. Deklinazioak adierazten du zein angelu zehazten duen Eguzkiak ekuatorearekin, eta, hori gertatzen denean, Eguzkiak, eguerdian, altuerarik handiena markatzen du zerumugan, eta zeruan arkurik luzeena marraztu. Hori dela eta, urteko gainerako egun guztietan baino eguzki-ordu gehiago daude egun horretan; hain zuzen ere, azken negua hasi zen egunean baino ia sei ordu gehiago.

Udako solstizioa, beraz, ekainaren 21ean da. Nondik dator "solstizio" hitza? Espainiako Astronomia Behatoki Nazionalak dioenez, latinetik, "solstitium" berbatik; "Eguzki geldia" esan nahi du horrek, eta erabiltzen da ematen duelako, egun batzuetan, Eguzkiak eguerdian hartzen duen altuera ez dela aldatzen.

Ez da Eguzki edo Ilargi eklipserik egongo, baina bai, aldiz, urtero bezala, bi ozar-izar adierazgarri, alegia, Delta Acuaridak eta Pertseidak. Delta Acuariden maximoa uztailaren azken egunetan izango da (30aren bueltan), eta Pertseidena, aldiz, abuztuaren 12an bueltarako dago aurreikusita. Hori bai, ilbetea izango da orduan, eta, beraz, zailagoa izango da ikustea.

Nabarmentzeko modukoa da, halaber, uztailaren 4an afelioa izango dela. Zer da hori? Alegia, noiz dagoen Lurra Eguzkitik urrunen. Egun horretan, Eguzkia 152 milioi kilometrotara baino gehiagotara izango dugu. Urtarrilaren 4an, sei hilabete lehenago, hurbilen izan genuen Eguzkia, bost bat kilometro gertuago; orduan perihelioa izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia argazkiak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Udako albisteak