Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Osakidetzan egingo duten aldaketa epe luzerako, "hamarkada bat baino gehiagokoa", dela zehaztu du Sagarduik

Osasun sailburuak azpimarratu duenez, uda honetan ez dute "osasun etxerik itxiko", eta herritarrek "kalitatezko osasun arreta" jasotzen jarraituko dute.

Sagardui, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Sagardui, elkarrizketaren une batean.
Gotzone Sagardui: ''Herritarrek kalitatezko osasun arreta jasotzen jarraituko dute''

2:13

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua harrituta azaldu da atzo Executive Forum España jardunaldietan egindako adierazpenekin sortu den zalapartarekin. Zehaztu duenez, Osakidetzan egin asmo dituzten aldaketak epe luzerako dira, "hamarkada bat baino gehiago iraun dezakete", erantsi du. Hain justu, udan zerbitzua murriztuko ote den galdetuta, honako erantzun du: "Ez dugu osasun etxerik itxiko, ordutegiak moldatu bai. Gainera, gurekin lan egin nahi duen profesional oro kontratatzen jarraituko dugu". 

Radio Euskadiren "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean azpimarratu duenez, "atzo ez nuen ezer berririk esan, urtebete eta erdi daramat gauza bera esaten" —"prozesu jakin batzuetarako" herritarrak "maizago mugitu" beharko direla esan zuen—. Horren esanetan, Osakidetzan egingo dituzten aldaketak "bide bat dira hobetzen jarraitzeko. Apurka-apurka joango gara irtenbide berriak agertu ahala, eta ez da astiro doan prozesu bat edo sailburu honek asmatutako gauza bat". Dena dela, atzoko adierazpenetan familia medikuez ari ez zela argitu du, "zerbitzu espezializatu batzuei buruz baizik".

Medikuen Sindikatuak kaleratutako oharra hizpide, "ez dut ulertzen, ezta partekatzen ere", adierazi du. "Gainerako lanbideak errespetatu behar dira", gaineratu du.

Sagarduik aitortu du Lehen Arretako profesionalen falta "errealitate bat" dela eta "behin betiko konponbidea" BAME (barneko mediku egoiliar) plazak handitzea litzatekeela; "horretarako Euskadik ez du eskumenik", deitoratu du. Sailburuaren esanetan, "guk egin dezakeguna da dagozkigun plaza guztiak ateratzea, eta hori ari gara egiten, inoizko plaza gehien eskaini ditugu".

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Radio Vitorian azaldutako kezkari buruz —landa eremuko osasun arretaren harira—, sailburuak azpimarratu du profesionalek euren lantokia aukeratzeko lehentasunak dituztela, eta hori horrela, aitortu du "zenbait landa gunetan, iraunkortasuna zailagoa" egiten ari dela. Dena dela, esan du eskaintza eta beharrak moldatzen ari direla, "ia-ia banan-banan".

Azkenik, iragarri du 78.100 pertsonak eman dute izena Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoaren bigarren fasean parte hartzeko eta tximino baztangaren kasu berri bat, zazpigarrena, atzeman duela Bizkaian.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sindikatuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Galdakao-Usansolo Ospitalea