Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid-19ak eragindako heriotzak 15era jaitsi dira Euskadin azken astean, eta 369ra igo dira ospitaleratukoak
Aurreko astean baino 19 heriotza gutxiago dira, eta ZIUetan 14 pertsona larri daude, duela astebete baino bat gehiago. Hala ere, intzidentzia metatuak eta positiboen kopuruak behera egiten jarraitzen dute.
N. B. | EITB MEDIA
15 pertsona hil dira Euskadin covid-19aren ondorioz azken astean, aurreko zazpi egunetan baino 19 gutxiago. Gainera, gela arruntetan 369 pertsona daude ospitaleratuta, eta horiei 14 gehitu behar zaizkie ZIUetan.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan argitaratutako azken buletin epidemiologikoaren arabera, maiatzaren 30etik ekainaren 5era bitartean 4.172 kasu positibo erregistratu dituzte, aurreko asteko 4.603 kasuen azpitik. Datu hori egindako 21.198 proben % 19,7 da. Horietatik 2.664 positibo 60 urtetik gorakoen artean eman dira, kolektibo horretan egindako 10.927 proben % 24,4.
60 urtetik gorako biztanleriaren intzidentzia-tasa metatua 14 egunetan jaitsi egin da, 822,56 kasuraino 100.000 biztanleko (955,64 kasu aurreko astean). Aldiz, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 400,10ekoa da biztanleria orokorrean (482,77 aurreko astean).
7 eguneko intzidentzia, oro har, 209,88tik 190,22ra jaitsi da azken astean, eta 60 urtetik gorakoen artean ere jaitsi egin da 505,75etik 395,17ra.
Tasen arrazoia, 7 egunetan, 0,91ekoa da, aurreko asteko 0,77koaren aldean. 14 eguneko tasen arrazoia 0,83ra igo da, aurreko asteko 0,82arekin alderatuta.
Oinarrizko birsorkuntza zenbakia, covid-aren hedapena neurtzen duena, 0,95era igo da (aurreko astean 0,89koa zen).