Gizartea -
Donostia
San Bartolome eta Zubieta kaleetan trafiko aldaketak, Kontxako obren ondorioz
Gainera, 00:00etatik 6:00etara itxita egongo da Kontxa Pasealekua, bizpahiru astez.
M. D. | EITB Media
Donostiako San Bartolome eta Zubieta kaleetako noranzkoa aldatuko dute aste honetan, Kontxa inguruan egiten diren obren ondorioz. Trafikoaren noranzkoaren aldaketa gaur, astelehena, hasi eta ostiralean, ekainak 10, bukatuko da, baina Udalak esan duenez, aldaketak pixkanaka egingo dira eta, lanen erritmoaren arabera, datak aldatu daitezke.
Baimendutako ibilgailuak, garajea dutenak eta inguruko saltokietan beharrei erantzungo dietenak soilik sartu ahalko dira egun horietan.
Hona hemen trafikoaren aldaketek izango duten eragina inguruko kaleetan, Udalak azaldu duenaren arabera:
Ekainaren 6tik 7ra
San Bartolome kalea itxi egingo da, Marina eta Triunfo kaleen arteko errepide zatian. Marina kaletik baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira.
Triunfo kalea itxita egongo da, San Bartolome eta San Martin tartean, eta Triunfo kaletik baimendutako ibilgailuak bakarrik atera ahal izango dira.
Ekainaren 7tik 8ra
San Bartolome kalea itxi egingo da, San Martin eta Marina kaleen arteko errepide zatian. Marina kaletik baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira.
Lertsundi kalea itxi egingo da, San Bartolome eta San Martin artean. Lertsundi kaletik baimendutako ibilgailuak bakarrik atera ahal izango dira.
Egoera berria, ekainaren 8tik aurrera: aldaketa horien guztien ondorioz, San Bartolome kalearen noranzkoa aldatuta egongo da, bai eta San Bartolometik San Martinerainoko doazen Triunfo eta Lertsundi kaleetakoak ere. Marina eta inguruko beste kaleen noranzkoak, ordea, ez dira fase honetan aldatuko.
Ekainaren 8tik 10era
Zubieta kalea itxita egongo da, Urbieta kaletik Marinaraino. Baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira Askatasunaren hiribidetik. Cervantes aparkalekuko irteera Urbieta kalerantz izango da.
Ordezko irtenbidea Antiguarantz: Urbieta – Arrasate - Zubieta (Marina kalearekin bat egiten duenetik aurrera) – Kontxa
Manterola kalea itxita egongo da, Arrasate eta Zubieta kaleen artean. Baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira Arrasate kaletik.
Egoera berria, ekainaren 11tik aurrera: Zubieta kaleak trafikoaren noranzkoa aldatuta izango du, Urbieta eta Marina kaleetako tartean. San Bartolome kalearen noranzkoa aldatuta egongo da, bai eta San Bartolometik San Martinerainoko doazen Triunfo eta Lertsundi kaleetakoak ere.
Bestalde, Easo eta Kontxa artean dagoen bidegorria behin-behinean desbideratuko da San Bartolome eta Triunfotik.
Kontxa Pasealekua, gauez itxita
Gainera, 00:00etatik 6:00etara itxita egongo da Kontxa Pasealekua, bizpahiru astez. Mirakontxa Pasealekuak, bestalde, itxita jarraituko du beste bi edo hiru astez, eta horren ordezko irtenbide gisa, Kontxa Pasealekuko eskuineko erreia irekiko da ibilgailuak Antigua aldera joateko.