Gizartea -

Eskola Publikoaren Jaia

Euskal eskola publikoaren aldeko aldarria nagusi izan da Bastidan

"Hazitik gora!" lemapean, euskal eskola publikoak hezkuntzan egindako lana balioan jarri eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute, besteak beste.

Eguraldia lagun izan du Bastidako jaiak. Argazkia: EITB MEDIA.
Eguraldia lagun izan du Bastidako jaiak. Argazkia: EITB MEDIA.
Jendez gainezka Bastida Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 29. edizioan

01:41

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona hurbildu dira igande honetan Bastidara (Araba) euskal eskola publikoen aldeko festara. "Hazitik gora!" lelopean, pandemia hasi zenetik lehenengo aldia da ospakizuna egiten dela, eta aldarrikapena nagusi izaten ari da gaurkoan ere.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jaiegunaren inaugurazioan parte hartu du, eta udalerri horretako ikastetxe publikoaren "lan eredugarria" azpimarratu du, "hezkuntza-sistema guk ulertzen dugun bezala ulertzen baitu, hau da: elkarrizketaz eta akordio zabalez eraikia". Ildo horretan, etorkizuna bultzatzeko ezberdinen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, "etorkizuna jokoan dugulako".

Bestalde, Arkaitz Aburtok, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko presidenteak, eskola publiko guztiek egiten duten lana balioan jarri du, ikasleen hezkuntza-kalitatea "maila gorenean" jartzea lortu baitute. Halaber, eskoletan gobernantza-eredu berri bat beharrezkoa dela nabarmendu du, "deszentralizatua eta parte hartzailea, gizarte-kohesioa bilatzen duena eta elkarrekin aritzen diren euskal eskola publikoen sarea osatuko duena". Horretarako, Bastidako festara hurbildu diren agintari eta politikariei inbertsioak bultzatzeko eskatu die, eskola publikoa lehenetsiko dituzten politikak garatzeko.

Ramiro González Vicentek, Arabako ahaldun nagusiak, bere aldetik, honela definitu du euskal eskola publikoa: laikoa, gertukoa, kalitatezkoa, doakoa, anitza, inklusiboa, irekia eta euskalduna. Ildo horretan, ikastetxe horiek Arabako Errioxa osoan euskara errotzen jarraitzeko egiten ari diren lana aitortu du, azken datuek hala erakusten baitute: "10 gaztetik zazpik euskara ulertzen dute, eta gero eta gehiago entzuten da kalean". Horregatik, Arabako hegoaldeko eremu horretan euskarari balioa ematen eta horri etekin handiagoa ateratzen jarraitu behar dela esan du, "eta horretan euskal eskola publikoak asko du egiteko".

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 29. edizioak igande osoan zehar jarraitu du eta, eguraldi onarekin batera, bertaratu direnek antzerkia, musika, puzgarriak eta adin guztietarako jarduerak izan dituzte gozagai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Araba Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bastida