Gizartea -
hezkuntza
Bildarratzen arabera, gizarteratze "inklusiboa eta heterogeneoa" izan behar da etorkizuneko eskolaren zutabe
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aukera berdintasunean oinarritutako euskal hezkuntza sistemaren alde egin du larunbat honetan, Donostian.
agentziak | eitb media
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aukera berdintasunean oinarritutako euskal hezkuntza sistema baten aldeko apustua berretsi du, eta nabarmendu du gizarteratze "inklusiboa eta heterogeneoa" izan behar dela etorkizuneko eskolaren "zutabe".
Bereizketari buruzko hausnarketa foro batean parte hartu du sailburuak larunbat honetan, Donostian. Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak antolatu dute, 'Nola egin aurre bereizketari hezkuntza sistematik?' lelopean.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako buruarekin batera ekitaldia irekita, sailburuak adierazi du "uneko eta datozen hamarkadetako erronkei eman beharreko erantzunak eskola antolakuntza formala eta informala" eskatzen duela, "bere hezkuntza- eta komunitate-proiektua zentro ahaldunekin eta bere inguru soziokulturalarekin eta instituzionalarekin elkarrekintzan kudeatuko duena".
Azaldu duenez, "euskal hezkuntza sistema eredu berri bat ezarri nahi dugu" udalen parte-hartzearekin, "erantzunkidea, kolaboratiboa eta deszentralizatuagoa".
Gizarteratze "inklusibo eta hetereogeneo" baten garrantzia azpimarratu du Bildarratzek, hori baita etorkizuneko eskolaren "zutabe eta ardatz". "Lehentasunezko konpromisoa da guretzat aukera berdintasunean oinarritutako euskal hezkuntza sistema garatzea", esan du sailburuak.