Gizartea -

HEZKUNTZA

Eskoletan ordutegi jarraitua ala zatitua: zein da egokiagoa eta norentzat?

Ikasleentzat espazio seguruak eraiki behar dira, eta horretarako "aldagai asko" hartu behar dira kontuan: batzuentzat ordutegi jarraituak abantailak ditu, eta beste batzuentzat, desabantailak. Berdin, jardun zatituak. "Oreka bilatu behar da", Joxe Amiama EHUko Hezkuntza irakaslearen arabera.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskolaldi jarraitua edo zatitua. Ez da berria eztabaida, baina Eusko Jaurlaritzak ordutegien inguruan hartutako azken erabakiek lehen lerrora ekarri dute gaia, beste behin. Hainbat urtean jardun trinkoa izan ondoren, EAEko Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxek ordutegi zatitua izango dute 2022-2023 ikasturtean. Errefortzu programek —lehen, Hauspoa; orain, Hedatze— goizeko ordutegia egin ahal izatea ahalbidetzen zieten ikastetxe askori. Orain, programa horiek eskatu ahal izateko baldintzak zorroztu egin ditu Hezkuntza Sailak, eta zentro askok ez dituzte betetzen.

Eztabaida pil-pilean dago eskola atarietan. Zein da ordutegi egokiena ikasleentzat? Iritziak nahi adina aurki daitezke, baina gutxi ikertu da gaiaren inguruan. Adituen artean ere, ez dago adostasunik. Joxe Amiama EHUko Hezkuntza irakasle eta Psikopedagogia adituak uste du aldagai asko hartu behar direla kontuan, ordutegien egokitasunaz ari garenean, eta "aldagai guztiak aztertuta ere, ez da egongo ikasle guztientzat egokia den ordutegi jakin bat". Ikasle baten ezaugarrietara ondo egokitzen den jardunaldiak ondorio ez hain onak izan ditzake gelakide duen beste batentzat. Batentzat ikasteko espazio segurua eskola den bitartean, bestearentzat etxea izango da. "Ekosistema osoa hartu behar da kontuan, baina aldagai denak kontuan hartuta ere, ez dut garbi ikusten zein den ordutegirik egokiena. Ez dago esaterik, ez baitago bata edo bestea aukeratzeko oinarri zientifikorik", zehaztu du.

Egin diren azterketa apurrek ikasleen arreta maila aztertu dute. Eskolak 08:30ean hasten dituen gazteak lehen bi edo hiru orduetan arreta mantenduko du, baina handik aurrera arreta galtzen hasiko da. Atsedena behar du, ondoren berriro ekiteko. Ondorio horri erreparatu dio EHUko irakasleak, "arreta maila kontuan hartuta, joera egokiagoa ordutegi zatitua" dela nabarmentzeko. "Langileon adimenaren portaera ere tankerakoa da: lau edo bost ordu jarraian lan egin ondoren, atsedena behar du gure burmuinak. Logikak hori dio", azaldu du.

Ikaslearen errendimendua, baina, inguruko ekosistemaren araberakoa izango dela azpimarratu du. "Egoera sozioekonomikoak, ikasle bakoitzaren ezaugarriek edota pertsona horrek eskolatik kanpo duen espazioak" baldintza dezake errendimendua, "eta ez ordutegiak".  Tokian tokiko testuingurua aztertzea litzateke egokiena, Amiamaren ustez, ordutegien gaineko erabakia hartzeko.

Estatuan edota Europan ordutegi jarraitua lehenetsi duten tokiei begiratu die Amiamak, gaia hobeto azaltzeko. "Ezin dira denak zaku berean sartu", azaldu du. "Ceutan, Melillan, Andaluzian edota Extremaduran, adibidez, aspalditik dute jardun trinkoa. Toki horietako egoera sozioekonomikoa hartu behar da aintzat, eta bertako bizi ohiturak ere bai. Europako zenbait herrialde aurreratuk ere ordutegi jarraitua dute eskoletan, baina herrialde horietan gurasoen lan jarduna 16:30 inguruan amaitzen da. Kontziliazioarekin uztartuta dago. Beraz, esan bezala, toki bakoitzeko aldagai sozioekonomiko guztiak hartu behar dira aintzat. Erantzuna ez da zuria edo beltza. Oreka bilatu behar da, eta ez da erraza",  gaineratu du.  

Eztabaida honen guztiaren erdian, bada "egitate" bat Espainia mailan, EHUko irakaslearen arabera. Hezkuntzara diru gehiago bideratzen duten erkidegoek ordutegi zatituaren alde egiten dute. "Hori hala da. Jangela, garraioa eta beste faktore asko sartzen dira hor, baita publiko/pribatu sistema ere. Zentro batzuen eta besteen egoerak ez du zerikusirik kasu askotan", azaldu du.  Horregatik, modu batera zein bestera, gakoa ikasleentzat ikasketa espazio seguruak eraikitzean dagoela nabarmendu du.

Horregatik, Amiamaren hitzetan, Hauspoa eta Hedatze bezalako programak abiapuntu oso egokiak izan daitezke ordutegien inguruko gogoeta sakon bati ekiteko. Eskolaz kanpoko errefortzu saioen bidez, ikasleentzako espazio seguruak ahalbidetzen direlako,  klase orduetatik kanpo ere: "programa horien eraginkortasuna ikertu behar da, indarguneak eta ahulguneak identifikatu, eta ondorioak mahai gainean jarri".

Goiz eta arratsaldeko ordutegiak nerabeen ongizatea eta berdintasuna bermatzen dituela uste du Eusko Jaurlaritzak, eta hala dago jasota, baita ere, Eusko Legebiltzarrean, alderdi nagusien babes zabalarekin, adostu berri duten Hezkuntza Lege berrian. 

Bien bitartean, EAEko hainbat guraso elkartek asteak daramatzate jardun trinkoraren alde mobilizatzen. Gaurko, esaterako, EAEko DBHko Guraso Elkarteen plataformak elkarretaratzea deitu du Donostian, 14:00etan, Miramar jauregian. Deialdiaren berri emateko zabaldu duten oharrean jaso dutenez, Hezkuntza Sailak datorren ikasturtean "inposatu" nahi duen ordutegi zatituaren aurrean "desadostasun irmoa" agertu nahi dute gurasoek, erabaki horrek "ikasleen, gurasoen eta familien beharrak alde batera" uzten dituela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Heziberri hezkuntza plana Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EHU berriak Euskal Eskola Publikoa bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza