Gizartea -
Epai irmoa
Ama bikotegabeei lanaldi murriztuagatik prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu die EAEko Auzitegi Nagusiak
Guraso bakarreko eta bi gurasoko familien eskubideak parekatzen dituen lehen epai irmoa da honakoa.
Agentziak | EITB MEDIA
Ama bikotegabe batek seme-alaba zaintzeko lanaldi murriztua hartzeagatik Gizarte Segurantzak emandako prestazioa jasoko du, bi gurasoko familia batek jasoko lukeen modura. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak emandako epai batek horretarako eskubidea aitortu zion apirilean, baina orain bihurtu da irmo epaia, Gizarte Segurantzak kasazio errekurtsoa aurkezteko epea igarota.
Auzia 2021eko abenduan heldu zen Bilboko gizarte arloko 2. zenbakiko epaitegira, ELA sindikatuak aurkeztutako salaketa baten kontura. Epaitegiak ebatzi zuenez, Gizarte Segurantzak halakoetan ezarrita dagoen saria eman behar zion ama ezkongabeari, "bi gurasoko familien seme-alabekiko diskriminazioa saihesteko". Erabaki horren kontrako helegitea jarri zuen Gizarte Segurantzak, baina EAEko Auzitegiaren Gizarte arloko Salak apirilaren 12an errefusatu zuen, amari arrazoia emanez.
Ama Ezkongabeen Elkarteak (MSPE, gazteleraz) ohar batean nabarmendu duenez, epai horrekin "pauso bat eman da aurrera diskriminazioen kontrako borroka judizialean" eta euren egoera arautzeko marko juridiko baten falta salatu dute.
Elkarteak gogorarazi du Gizarte Segurantzak legearen "irakurketa murriztailea" egiten du bi gurasoko eta guraso bakarreko familien artean "diskriminazioa sortuz". Euren hitzetan, "Jose Luis Escriva ministroak iragarri zuen Espainiako Gobernuak ama ezkongabeon arazoa konponduko zuela, baina Gizarte Segurantzak praktikan ez du aplikatzen".
Aurretik ere eman ditu EAEko Auzitegi Nagusiak ildo bereko epaiak. 2020ko urrian, guraso bakar bati 26 asteko amatasun baimena (erditzeagatik zegozkion 16 asteez gain, bikotekideari eman ohi zaizkion beste 10ak) izateko eskubidea aitortu zion, hala ez egiteak "adingabea, eta zeharka emakumea diskriminatzen" zuelako. Kasu honetan kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen Gizarte Segurantzak, eta Gorenak noiz aztertu geratu da auzia.