Gizartea -
ITXIERA
Urbiako fonda itxi dute
25 urtez Aizkorriren magalean fondaren kudeaketaz arduratu direnek behin betiko uztea erabaki dute. Partzuergoak deialdi bat ireki du kudeaketa bere gain hartu nahi dutenentzat; izan ere, fonda lehenbailehen berriz irekitzea da asmoa.
EITB MEDIA
Mendizaleentzat ez ezik, inguruko artzainentzat topaleku izan den Urbiako fonda itxita dago duela hilabetez geroztik, eta bart iritsi da Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoaren baieztapena: fondaren kudeaketa behin betiko uztea erabaki dute azken 25 urteetan han aritu direnek.
Urbiako zelaietan kokatua, fondaren lehen harria Urbiako ermitaren inaugurazio egunean jarri zen eta urte bete geroago ireki zen publikoarentzat, 1925eko abuztuaren 30ean.
Orduz geroztik, asko izan dira pintxoren bat, txorizo egosiarekin egindako ogitarteko on bat edo plater konbinatu bat jatera hurbildu eta bertan tarte eder bat pasatu dutenak. Orain, baina, Xanti Etxezarreta artzainak Euskadi Irratian aitortu du Urbia oso triste dagoela fondarik gabe.
Urbiako zelaietan atsedenerako eta elkargunerako baliatzen duten borda, baina, berandu baino lehen ireki nahi luke Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrak. Horregatik, horren kudeaketa hartzeko interesa dutenentzat deialdia zabaldu du, eta, Izarra Urdalleta herriko alkateak irratiko mikrofonoen aurrean baieztatu du hasi direla dagoeneko lehen deiak jasotzen.
Interesa duen orok Segurako udaletxera deitu behar du, edo mezua idatzi 'udala@segura.eus' helbidera. Eperik ez dute jarri, baina askoren topaleku den guneak zerbitzua ematen segi dezala nahi dute.