Gizartea -
Ameriketako Estatu Batuak
Epaimahaiak Johnny Deppi eman dio arrazoia Amber Heard aktorearen aurka difamazioagatik abiatutako auzian
Ebazpenaren arabera, biek iraindu zioten elkarri, baina Johnny Deppek ez zion bere emazte ohiari tratu txarrik eman, eta azken horrek 15 milioi dolar ordaindu beharko dizkio kalteordainetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zinpeko epaimahai batek Johnny Deppen alde egin du aktoreak Amber Heard bere emazte ohiaren aurka difamatzea egotzita jarri zuen demandaren auzian, eta tratu txarrik eman ez ziola ebatzi du.
Epaimahaiak zazpi pertsonak osatu dute, bost gizonezkok eta bi emakumezkok. Ostiralean hasi ziren deliberazioarekin eta gaur jakinarazi dute erabakia.
Heardek 15 milioi dolar ordaindu beharko dizkio kalteordainetan bere senar ohiari, bere irudia kalteatzea leporatuta. Alabaina, epaimahaiak ondorioztatu du Deppek ere iraindu zuela Heard eta, beraz, bi milioi euro eman beharko dizkio eragindako kalteagatik.
Depp ez da ebazpena jakinarazteko saioan izan, laneko konpromisoak zituela argudiatuta. Heard, berriz, bertan izan da eta atsekabetuta agertu da. "Froga asko aurkeztu ditugu, baina ez da nahikoa izan", deitoratu du.
"Desengainua hartu dut batez ere gainerako emakumeengatik. Ebazpena kolpea izan da. Denboran atzera egin dugu eta emakume bat publiko lotsaraztea eta umiliatzea posible dela ikusi da. Indarkeria matxistari seriotasunez aurre egin behar zaiola erakusteko aukera galdu da", salatu du aktoreak.
"Triste nago auzia galtzeagatik eta, are tristeago, estatubatuar gisa aitortuta nuen eskubide bat galdu dudalako: askatasunez hitz egin ahal izatea", erantsi du Heardek.