Gizartea -
Harro
Bilbok eta Bizkaiak itsasadarreko Ur Parade berreskuratuko dute Harrotasun Egunean
Formatu originala berreskuratzeaz gain, Bilbo-Bizkaia Harro Lekeitio, Plentzia eta Santurtzira zabalduko da. Jaialdia ekainaren 16tik 29ra izango da.
Agentziak | EiTB Media
Aurreko bi urteetan, pandemiaren eginez, ospatu ezin izan ziren jarduera kulturalak eta jai egitaraua berreskuratuko dituzte Bilbok eta Bizkaiak LGTBI+ Harrotasunaren Egunean, esaterako, kontzertuak Areatzan eta ontzi desfilea itsasadarrean.
Formatu originala berreskuratzeaz gain, Bilbo-Bizkaia Harro Lekeitio, Plentzia eta Santurtzira zabalduko da, Bizkaiko hiriburuko Udalak astelehen honetan jakitera eman duenez. Jaialdia ekainaren 16tik 29ra izango da.
Horrela, Soraya abeslariak kontzertua eskainiko du ekainaren 18an, Ur Parade ontzi desfilearen egun berean.
Bilbo Bizkaia HARRO 2015etik ospatzen da, Ortzadar LGBT Elkarteak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Basque Tourren babesarekin.
Berez LGTBI+ Harrotasunaren Eguna ekainaren 28an ospatuko da; baina Bilbok eta Bizkaiak jardueren egitaraua hartuko dute, "sexu aniztasuna eta genero nortasuna aldarrikatzeko".
Ekainaren 16, 17, 18 eta 19an Bilbok hartuko ditu ekitaldiak, Areatzan, Zazpikaleetan, Kale Nagusian eta Pio Baroja kaian.
Ekainaren 24an eta 25ean, Lekeitio, Plentzia eta Santurtziren txanda izango da. Musikak, dibertsioak eta aldarrikapenak hiriguneak hartuko dituzte.
Ekainaren 29an, Harro Science antolatuko du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), LGTBI+ errealitatea ezagutza arlo ezberdinetatik aztertzeko.
Bilbon, Drag Gala (ekainak 17) beste ekimen garrantzitsua izango da. Era berean, LGTBI giza bandera (ekainak 19) berriro osatuko dute hiriburuko Kale Nagusian.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "LGTBI+ eskubideen sentsibilizazio tresna gisa" euskarak eta euskal kulturak protagonismoa hartuko dute. Horrela, bertso saioak eta herri kirolak izango dira.