Gizartea -
nafarroa
Bi txirrindulari larri zauritu dira Lekunberrin eta Irurtzunen, talka banatan
45 urteko pertsona bat eta 57 urteko beste bat larri zauritu dira Nafarroako bi udalerri horietan, auto banaren aurka talka egin ostean. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte biak.
agentziak | eitb media
Bi txirrindulari larri zauritu dira igande honetan Lekunberrin eta Irurtzunen gertatutako talka banatan, Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez.
Lehen istripua 10:31etan gertatu da, Lekunberriko Aralar kaleko 51 zenbaki parean. 45 urteko txirrindulari batek eta auto batek talka egin dute udalerri horretako zeharkalean.
Tokiko mediku talde bat bertaratu da eta helikoptero bat eskatzea erabaki du, zauritua Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eramateko, haren osasunaren okertzearen ondoren.
Minutu bat beranduago, 10:32etan, Irurtzungo San Martin kaleko 14 zenbakian izan da bigarren istripua. Beste behin, auto batek eta bizikleta batek talka egin dute.
Kasu honetan, 57 urteko txirrindulari batek makadura ugari jasan ditu eta Nafarroako Uniebertsitatera eraman dute era berean, anbulantzia medikalizatu batean.