Gizartea -
Energia berriztagarriak
Berriztagarrien "oligopolioekin" bukatzeko eskatu dute Iruñean, eredu-aldaketarik ez dakartelako
Manifestazioan parte hartu dutenek energia-enpresak gogor kritikatu dituzte, "herri-lurrak eta ondare naturalak okupatzen dituztelako, ingurugiroari, naturari eta pertsonei kalte konponezin eraginda".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Energia Aldatzen plataformak protesta egin du larunbat honetan Iruñean, parke eolikoak eta fotovoltaikoak eraikitzeko energia berriztagarrien enpreseri emandako baimen kopuruaren gorakadagatik, ez baitute energia-eredu aldaketarik ekarriko.
Hainbat herrietako elkartek osatutako plataforma da Nafarroako Energia Aldatzen, hala nola, Anue, Cendea de Itza, Cenda de Oltza, Etxauri, Eguesibar, Esteribar, Erroiba, Ezkabarte, Juslapeña-Txulapain, Leoz-Leotz, Lizoain-Arriasgoiti, Odieta, Olaibar, Urbasa-Andia eta Valdeizarbe-Izarbeibar. "Nafarroako Gobernuaren oniritziarekin, energia empresa pribatu horien eskutik, gure herriak pairatzen ari diren erasoaren aurrean, erantzun argia eta garbia" aldarrikatu du plataformak.
Roberto Pascual plataformako bozeramaileak adierazi duenez, "oligopolioekin bukatzea ezinbestekoa da, eredu-aldaketa planteatu beharrean, energia-trantsizioa nahi dutelako". "Krisi klimatikoaren eta energetikoaren aitzakiarekin, haize-parkeak, parke fotovoltaikoak, makro-abeltegiak, meatzeak, tentsio handiko sare elektrikoko autobideak edo abiadura handiko trenarako lineak eraikitzeko 100 mega-proiektu daude egun, eta euren helburua da egoeraz aprobetxatzea negozio berriak egiteko", gaineratu du Pascualek.
Manifestazioa Iruñeko erdialdean izan da, eta Nafarroako Gobernuko eta Parlamentuko egoitzetatik igaro direnean, energia-enpresa horien kontrako oihuak areagotu dira. Horien esanetan, energia-enpresek "herri-lurrak eta ondare naturalak okupatzen dituzte, ingurugiroari, naturari eta pertsonei kalte konponezin eraginda".
Protestaren amaieran agiria irakurri dute, eta azpimarratu dute enpresa horiek eskainitako irtenbidea "faltsua" dela. 90ko hamarkadan hasitako deskarbonizazioak eta aldaketa klimatikoaren aurkako borrokak "ez dute berotegi-efektuko gasen kontzentrazioa murriztu". "Planetaren berotzea muturreko tenperaturetara iritsi da, herritar asko hil ditu eta beste askoren osasuna larriki kaltetu", ondorioztatu dute.
Deialdiaren antolatzaileek uste dute auzoak eta herriak ahaldundu behar direla, euren energia-iturri propioak sortuz eta erabiliz. "Gure bitartekoak mugatuak dira, baina bidezko banaketaren bitartez, pertsona guztientzako bizitza duina bermatu dezakegu", amaitu dute.