Gizartea -
memoria historikoa
Angel Lekuona Beitia nazismoaren biktimari omenaldia egin diote Busturian
'Stolperstein' oroitarria ezarri dute larunbat honetan Busturian, Euskal Herrian lehen aldiz, 1945ean naziek Pragan fusilatutako Lekuonaren omenez.
i.l.k. | eitb media
Angel Lekuona Beitia nazismoaren biktima izandakoa gogoratu dute larunbat honetan Busturian (Bizkaia), haren sorterrian. Kontzentrazio esparru batean hil zuten naziek 1945ean eta orain, Euskal Herrian lehen aldiz, nazismoaren biktimei ezarri ohi zaien 'Stolperstein' oroitarria ipini dute herrian.
Elizaren eta eskolaren artean ezarri dute oroitarria, txalo artean. Galtzadan dagoen harriarekin estropezu egin arazi eta bertan idatzita dagoena irakurtzeko makurtu beharra dagoenez, keinu horrekin egin nahi izan zaio omenaldia biktimari.
Anjel Lekuonarekin batera hil zituzten beste bost presoren senideak ere izan dira Busturian; Kataluniatik, Andaluziatik, Valentziatik eta Balear Uharteetatik etorriak.
Anton Gandariasek, Lekuonaren ilobak, hitza hartu du eta "akordatu" hitza eta horren esanahi bikoitza goraipatu ditu: "gogoratu eta hitzartu, iragana ez ahaztu, gure lotalditik atera eta itzartu". "Akorda gaitezen", gaineratu du, "memoria garelako, memoria edo ia ezer ere ez".
1945ean fusilatu zuten Lekuona, Pragako kontzentrazio esparruan egon ostean. Unai Eguia ikerlariaren arabera, ikerketa luze baten ondotik errautsak gorde zituen familiari esker eta Gregorio Uranga preso eta Lekuonaren kidearen gutunari esker iritsi dira honaino.
Gandariasek ere azpimarratu du "eskutitz horretako esaldi bati esker" jakin dutela errautsak Pragan daudela.
Pragan ez ezik, gaurtik aurrera Busturian ere izango du omentzeko lekua Angel Lekuonak.